Asko eta desberdinak euskaraz

bertonaldizkaria 2017ko api. 6a, 06:00

Santutxu-Txurdinagako Euskararen Asteak urtero urtero euskararen inguruan ahalik eta jende gehien biltzea du xede. Auzotar txiki zein handi. Ikastetxeen barruan eta kalean. Aurten ere, ohiko egitarauari ekitaldi berriak eransteko apustuari eutsi diote.   

Ez da erraza jendea motibatzea eta mugiaraztea egitasmo beraren inguruan. Baina Korrikak badu oso pertsona desberdinak batzeko eta mugimenduan jartzeko gaitasuna euskara ardatz duela. Bi urterik behin ilusioa pizteko eta kutsatzeko gaitasuna, alegia. AEK-ko Patxi Zuluagaren arabera, Korrikak “plus bat”  ematen dio Santutxu-Txurdinagako Euskararen Asteari, “bestelako gauzak egiteko, kalera ateratzeko eta ikastetxe eta eragileen arteko elkarlana sustatzeko”, adibidez. 

Zentzu horretan, bi urtero behin Korrikak eragiten duen gogo eta zirrara baliatuko dute aurten Santutxu-Txurdinagako Euskararen Astean. 17. edizioan usadioari eustea eta berritzea posible dela erakutsiko dute antolatzaileek. Hamar bat laguneko taldea da Euskararen Asteko Batzordea osatzen duena. Batzordekideen artean “denetarik” dago. AEK, Gaztedi, Santutxuko Gazte Asanblada, Santutxuko Jai Batzordea, hainbat irakasle, gurasoen elkarteetako ordezkariak… Batzordeak Santutxu eta Txudinagako auzoetako kolektiboen eta ikastetxeen arteko lotura egiten du bai zentroetan bai kalean prestatzen dituzten ekimenak antolatuz. “Urtean astebetez erdal inguruan euskararen presentzia zabaltzea” dute erronka. 

Azken asteotan bi auzoetako dozena bat lagun buru-belarri aritu dira jarduerak antolatzen eta, besteak beste, “zeozer berezia” prestatzen. Jakin badakitelako jende desberdina erakartzeko “gauza potenteak eskaini behar direla”. Patxi Zuluagaren esanetan, azken urteotan hainbat ekimen potente izan dira Euskararen Astean. Esaterako, lipduba, flasmoba, ‘Bizikleta erronka’ edota ‘Zapitik zapira euskarari tira’ ekintza. 

Irati Erkizia Euskararen Asteko batzordeko kideak aurtengoan martxan jarriko dituzten bi egitasmoak aurreratu ditu. “Batetik, Mintzodromoa eta, bestetik, Korrikaren festa mundiala”. Buruan bestelako ideiaren bat zuen batzordeak aurtengo, baina “ondo gauzatzeko eta prestatzeko” denbora gehiago behar zuela jabetuta, alboratzea erabaki du. Agian, datorren urtera arte.

 

22 ikastetxe partaide, 4.000 bat ikasle

B02 Berritzeguneko Euskara Normalkuntzako teknikari Mari Carmen Elorriaga arduratzen da Euskaren Asteko lanak koordinatzeaz. Mahatserriko 22 ikastetxek parte hartzen dute lantaldean. Itunpekoak zein publikoak. 

Aurten, guztira, 21 ekitaldi antolatu dituzte Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleei zuzendutakoak. Ekitaldi gehienak apirilaren 3tik 6ra izango dira. 

Lantaldeak helburutzat du, batetik, “ahal dela kalera ateratzea”. Ekitaldiak aire zabalean, espazio publikoan egitea. Mari Carmen Elorriagaren hitzetan, aurreko urteetan ez dute zorterik izan, eta babespean, zentroetan burutu dituzte jarduera gehienak. 

Bigarren helburua Euskararen Asteko “artista eta protagonistak ikasleak eurak izatea” da. Horrela bada, leku berezia izaten dute ikasleek egitarauaren baitan. “Kurtsoan zehar prestatutako lan eta ikuskizunak beste ikastetxe batzuetako ikasleei eskaintzen dizkiete”. Kantagintza, antzerkigintza, eskulanak, kirola, playbacka… dira ekitaldietako batzuk. 

Iazko Euskararen Astean 4.000 ikaslek parte hartu zuten. Aurtengoan ere kopurua “antzekoa” izango dela uste du Mari Carmenek. 

 

Egitaraua

Gaur, apirilak 6, arratsaldean, helduko da 20. Korrika Bilbora. Santutxura 18:30ak aldera. Auzora iritsi bitartean “Korrikaren festa mundiala” antolatu du Euskararen Asteko Batzordeak Karmelo plazan 17:00etan hasita. Besteak beste, zumba saioa eta txokolatada izango dira.

 

 

Martxoaren 31tik apirilaren 7ra

Kantuka emango diote amaiera ostiralean, apirilak 7, Euskararen Asteari. 20:30ean abiatuko da Bastida plazatik Taberna Ibiltaria kalez kale abesti zahar-berriak lau haizetara zabalduz.

 

Santutxueuskaraz

@StxEuskaraz