Sendabelarren jakintza ahoz aho pasa da belaunadien artean. Usadio horretatik zenbat heldu zaigu guri?
Oso, oso gutxi. Beti ibili behar duzu pertsona nagusien atzetik zerbait konta diezazuten. Gainera, nork bere erara prestatzen ditu sendabelarrak. Guk errezeta magikoak nahi ditugu, adibidez, buruko mina kentzeko, gauza zehatz bat nahi dugu. Baina ez da horrela. Askori galdetu egin behar diezu zelan egiten duten, zure gorputzaren arabera batek edo bestek lagunduko dizulako. Baina egia da, oso gauza gutxi dakizkigula. Geroz eta gutxiago dira sendabelarren inguruan dakiten gizon eta emakumeak, eta gainerakook geroz eta prestutasun gutxiago daukagu eurak entzuteko.
Sendabelarren ezagutza oso zabaldua zegoen aspaldian eta oso gutxi gaur egun.
Baserriko bizimodua utzi zen unetik sendabelarren ezagutza oso albo batera geratu zen. Gutxienez familiako kide bati trasmititu izan zaio, sekretua gordetzeko baino bizirauteko modua aurkitzeko. Baina, bai, gaur egun, miatu egin behar da sendabelarren berri jakiteko.
Zelan hasi zinen sendabelarretan?
Mundu guztia bezala, jakin-minagatik. Horrek mugitzen gaitu. Mutil-lagunak herria zuen, eta herri horretan ez zegoen ezer ere, landareak besterik ez, eta horrela hasi nintzen landareekin zertxobait egiten. Hortik aurrera kurtso laburrak egin nituen, eta kurtso batean emakume bat ezagutu nuen etxean zerbait egitera animatu ninduena. Horrela hasi nintzen. Behin xaboi pilo bat egin genituen ez genuelako neurtzen asmatu, eta oparitu egin genituen. Bueltan eskariak jaso genituen: ‘Beste bat egin behar didazu’, eta beste bat, eta beste bat. Nahi gabe sartzen zara mundu honetan.
Xaboietatik nora egin duzu salto?
Ezpainetako margoak, makillajea garbitzekoak, ukenduak, baltsamoak, olioak… salmentara begira produktu horiek sortu ditugu. Finean, dena da egingarria. Norbanakoentzat, burukomina edota mukiak kentzeko, adibidez, sendabelarrak prestatzen ditut.
Bakarrik egiten duzu lan?
Hasi emakume batekin hasi nintzen, gero lagun batekin batera ibili nintzen, eta orain amarekin batera. Bide honetan ez nago inoiz bakarrik. Nik bakarrik egingo banu ez zen berdina izango.
Zein da zure erronka handiena?
Azoketan parte hartzen dudanean hurbiltzen zaizkidan andre zaharrei erantzutea. Esaten didate ‘zuk badaukazu hau edo beste hori egiteko?’. Buf, azoka batera zoazenean eskaera pilo bat jasotzen duzu. Batek burukomina daukalako besteak beste zeozer. Publiko guzti horri erantzutea lan handia da. Azoketan egoten jarraitzen dut, baina gutxiago.
Ikastaroak ere ematen dituzu.
Familia eta umeei xaboi eta sendabelarren tailerrak ematen dizkiet. Horrela sendabelarrekin konektatuta mantentzen naiz eta, nahi dudanean, beste plano batean geratzen naiz. Gustatzen zait deskonekzio hori, zeren orain ez nabil sendabelarrekin bete-betean. Udaberrian, ziurrenik berriro ere konektatuko naiz.
Zer gertatzen da udaberrian? Sasoi emankorrena da?
Bai landare bai loreen sasoi emankorrena bai nirea ere, pertsonalki. Udaberrian aitzakia daukazu lore bila joateko. Denbora hartzen dut lore eta landareak begiratu, aztertu eta hartzeko. Bakarrik zein taldean joan ohi naiz. Taldean joatea polita da batek eta besteak dakiena konpartitzen delako.
Zer batzen duzu udaberrian?
Ziurrera jotzen dut nik, ezagutzen ditudan landareak hartzen ditut. Sendabelar munduan ez du balio dena hartzeak, jakin egin behar da zer eta non hartu. Hautatu egin behar duzu. Erromeroa asko hartzen dut, xaboietarako, ukenduetarako eta katarroa sendatzeko erabiltzen dut. Oso gustuko dut erromeroa, beti izaten dut etxean.
Calendula gustuko duzu?
Bai, oso gustuko dut Calendula ere. Geroz eta ezagunagoa da, gainera. Calendulak azaleko gaitzak sendatzen laguntzen du, dermatitisa, umeen ipurdi gorrituak, erredurak... Calendularen petaloekin denetarik egiten dugu; xaboiak, ukenduak, gelak, baina batik bat olioa, dutxa ostean emateko.
Eta izpilikua?
Askotan izpilikua poltsatxoetan gorde eta armairuetan sartzen dut. Etxeari beste bizitasun bat ematen dio izpilikuaren usainak. Xaboietan ere erabiltzen dut eta izpiliku-olioa erabiltzen dut lo egin ezin dudanean, burualdean igurtzita edo izpiliku-poltsatxoa burukoaren azpian sartuta. Lo egiten laguntzen du.
Udaberrian makaldu egiten da gorputza. Zer har daiteke indartzeko?
Eztiak indar handia ematen du. Erlea animalia jakintsuenetako da loreen mundu honetan. Eztia egunero hartzeak indartzen du gorputza.
Sendabelarretan oinarritzen den homeopatia bogan dago, baina deskonfiantza handia ere badago. Oinarri zientifikorik ez duela diote enpresa farmazeutikoek. Zein iritzi duzu?
Nik guztiz sinesten dut sendabelarretan. Baliteke zuri ez balio izatea eta baliteke niri balio izatea, gorputzak oso desberdinak direlako. Medikamentu guztien oinarrian daude sendabelarrak. Zientifikoki ziurtatuta dago landareen propietateak oso onuragarriak direla, onuragarrriak zertarako diren ondo jakin behar da, zelan eman, zein gorputzetan eman, zein dositan eman... Sendabelarrekin pazientzia behar da. Antibiotikoa hartu eta listo, konpontzen dizu txarto zenuen hori, baina agian beste zerbait kaltetzen dizu. Gorputzari denbora eskaini behar zaio, entzun egin behar zaio, gorputzak berak indarra baduelako, baina askotan ez diogu aukerarik ematen.
Sorgintasuna marka sortu eta erregistratu duzu. Zelako bidea egin du?
Oso gogotsu hasi ginen. Une hartan bi ginen. Izena pentsatzen, Sorgintasuna bururatu zitzaigun. Zerbait magikoa adierazten du, maitasunez eginda dagoela. Deboraldi batean marka utzi genuen eta aurrerago ni bakarrik jarraitu nuen. Marka txikia da txikia izatea nahi dudalako. Hasten bazara eskaintza zabaltzen berehala etortzen zaizkizu eskariak.
Sorgin hitza gustuko duzu?
Ume txikiek adibidez sorgina zerbait txarrarekin lotzen dute, eta hori ez zait gustatzen. Sorginak eta sorgintasuna gauza onak dira. Euskal Herrian egon diren ia sorgin guztiak onak izan dira. Gero etorri dira pelikulak, ipuinak… eta zentzua aldatu diote.
Kosmetika naturalak eta sendabelarrek konfiantza sortzen dute?
Bai, konfiantza handia du jendeak. Itxurak erakarrita, jakin-minak eraginda, edota benetan sinesten dutelako hurbiltzen dira gehienak. Medikuengan geroz eta gutxiago sinesten dutelako ere bai. Botika konbentzionalek deskonfiantza sortu dute, dirutza balio dute. Mendira joatea, arnastea, eta bide batez lore batzuk hartzea errezeta gomendagarria da.
Jendeak zer eskatzen du?
Konponbide bila etortzen da jendea, baina konponbiderik ez dago. Konponbide arina antibiotikoak hartzea izan daiteke. Gaitza kentzen dizute, baina beste gauza asko hortxe uzten dituzte. Baina konponbiderik ez dago, saiakera kontua da. ‘Honek on egingo dizu ziurrenik; frogatu. Ez dizula on egin, frogatu beste hau orduan’. Benetako konponbidea da zuretzat eta zure gorputzarentzat denbora izatea. Zu ez bazara gelditzen, gorputzak gelditzen zaitu. Hausnarketa egin behar duzu horrelakoetan. Zer egiten ari zara. Antibiotikoekin konponbidea izango duzu, baina berrio ere gaitzak harrapatuko zaitu.
Bizitza moderno honetan konponbideak berehala nahi ditugu. Badugu pazientziarik?
Nire aholkurik onena da sendabelarretan hastea eta denbora hartzea loreak biltzera joateko, eta arnasteko eta tarteak hartzea lasai egoteko. Bizitza osasuntsuaren inguruan hausnartzea gurea moduko hiri batean derrigorra da. Tarte bat izatea paseo bat emateko, footing egiteko, margotzeko... Zaindu egin behar dugu, dena zaindu behar dugu. Asko inbertitu behar dugu gure gorputzean, dena da gorputza.
Aholku-emailea zara?
Osasunaren inguruan gustatzen zait aholkuak ematea, tailerretara datorrena konturatzeko ez gabiltzala bakarrik xaboiak egiten, etxerako gauzak egiten gabiltzala, autogestioan ari garela. Era oso erraz batean, gainera. Zergatik ez dute gero etxean gehiago egingo?
Erosteko joera handia dugulako?
Jendea gero eta kontzienteagoa da teorikoki, praktikoki zaila da topatzea egunerokoan momentua lasaitzeko. Lasai gaudenean berehala hasten gara beste gauza batzutan pentsatzen. Kosta egiten zaigu tarte hori hartzen dugunean ere.
Zer egingo duzu hurrengo?
Badut buruan ideia bat. Tailerrak ematean jabetu naiz ez dagoela sendabelarrei buruzko umeentzako ipuinik, libururik edota entziklopediarik usaindu eta ikutu daitekeena. Ideia horri buelta batzuk ematen ari naiz.