Basarrate Gazteako koordinazio lanetan dabiltzan Begoñako Gazteguneko hezitzaileek adierazi dutenez, jai honekin balioan jarri nahi dituzte, besteak beste, “gure auzoetan martxan dauden proiektuen aniztasuna, denbora libreko talde, elkarte kultural, dantza akademia, kirol elkarte, gizarte eta hezkuntzako zerbitzuak edota eskola formatiboak”.
Basarrate Gaztea jaialdia ez da ekimen itxia inolaz ere. “Ideia berriak eman nahi dituzten pertsona eta elkarte guztiei irekita dago, bereziki gazteen parte-hartzea bilatzen duten proiektuei”.
Gaur, maiatzak 26, arratsaldeko 16:30 eta 20:30 bitartean, nerabe zein umeek tailer ezberdinetan (zurgintza, sukaldaritza, kaxa flamenkoa...) parte hartu ahal izango dute, zenbait kirol praktikatu (slack line, hockey, eskubaloia...) puzgarrietaz, aurpegi margotez zein beste hainbat sorpresaz gozatu.
11 eta 15 urte bitarteko gazteentzat bereziki, Gymkana bat antolako dute. Sei pertsonako taldeetan proba ezberdinak (talde dinamikak, giza-futbolina, barra mugikorra...) gainditu beharko dituzte, jaiaren amaieran “zozketa mundialean parte hartu nahi badute behintzat”.
Horretaz gain Gaztedi dantzari taldearen eta Musika Eskolaren ekitaldiak izango dira Basarrate plazan, “txokolate bero bat dastatzeko aukera dugun bitartean”.
Arratsaldeari dantza eginez emango diote amaiera. Dena Bilbao akademia, kiroldegiko hip-hop taldea eta Luis Briñas institutuko gazteen dantza erakusketarekin, hain zuzen ere.