Gerraren krudeltasuna 80 urte beranduago

bertonaldizkaria 2017ko eka. 7a, 10:52

Bilboko historia sakonako ezagutzeko ekintzen artean Bilboko Udaleko Kultura Sailak bisita gidatuak antolatu ohi ditu. Beti gai baten jira-biran. Azken gerra eta beste gatazka historiko batzuk Bilbon aukeratu du gai gisa aurten. Maiatzean zehar, Santutxun Guda Zibilak utzitako aztarnen berri bertatik bertara jasotzeko aukera izan da.  

Zenbat komentu eta zenbat gartzela egon ziren garai batean Santutxun. Harrigarria da Guda Zibileko aztarnak ezagutzeko bisita gidatuetan izena eman duten lagun askorentzat. Espazio zabala zegoen XX. mende hasieran Mahatserriko inguru horretan, eraikin gutxi batzuk baino ez, Miren gidak taldekideen artean banatutako plano eta argazki zahar batzutan ikus daitekeenez. Hortaz, garaian garaiko beharrizanei erantzuteko, zerbitzuetako asko bertara bideratu ziren. Santutxu eta Solokoetxe inguruan eraiki ziren aipatutako komentu eta kartzeletaz gain, umezurztegi, amategi, kaxako umeen etxe, ospitaleko pabiloi eta bestelakoak. 

Francoren altxamenduak, bonbardaketek eta tropa nazionalen hurbiltasunak asko aldatu zuten auzoaren eta auzotarren bizimodua. Kartzeletan presoak ezin kabitzeraino, itsasontzietan sartzeraino, eta bonbardaketen ostean, izuagatik eta mendeku goseagatik, etsaitzat zituzten presoetako batzuk akabatzeraino. 200etik gora 1937ko urtarrilaren 4an. Gerraren krudeltasuna eta gordintasuna handia baita beti. 

80 urte beranduago, bisita gidatuan bigarrenez parte hatu duen Rosa Mari gerren “ondorio nazkagarriak” sutzen dute. Umeen eta horien amen sufrimenduan pentsatze hutsak tripak nahasten dizkio. Bera gerraostekoa den arren, 1937ko kontuek Siriako eta beste herrietako gerretatik ihesean egun dabiltzanen irudiak ekarri dizkiote gogora: “Gerra urruti ikusten dugu guk hemendik, baina egun oraindik milaka pertsonak bizitza galtzen jarraitzen dute”. 

Ane Miren santutxutarrak etxean txikitan entzundako historia asko entzun ditu Miren gidariaren ahotik. “Ondo datorkit oroimena freskatzeko”, dio. Ezagutzen ez zuen zerbait ere ikasi du. Esaterako, egungo Solokoetxeko institutua Atxuriko ospitaleko pabiloi izateko eraiki zutela, eta Irakasleen Eskola ere izan zela. 

Aitorrek ere bazekizkien kontuetako asko. Maternitatean jaioa da eta, besteak beste, txikitako oroitzapenetatik Larrinagako gartzela eta Galerako kuartela ez ditu ezabatu. Gerra garaiko historia “jakin eta zabaldu beharrekoa” dela irizten dio, beldurragatik urtetan aipatu ere egin ez den historia izan delako. Eragindako sufrimenduagatik “barkamen eskaera” falta du Aitorrek egun, oraindik. 

Mario amurriotarra da bisitan parte hartu duenetako beste bat. Solokoetxen jaioa da, oraindik ziurtatu ezin izan duen eraikinean. Bere aitite Larrinagako gartzelan egon zen preso. Eta guzti horrek eraman du “oso gomendagarria” iruditu zaion ibilbide gidatuan parte hartzera.