Ez da estilo eta gai bakarrera mugatzen, “momentuz esperimentatzen ari naiz”, dio. Bere argazkietako asko kalean ateratakoak dira, “batez ere hor zehar topatzen dudan jendeari egindakoak”, street photography deitzen dena, “leku bateko xarma, esentzia, bizimodua, kultura edota giroa harrapatu nahian”. Bestetik, argazkigintza esperimentalagoa edo artistikoagoa ere gustuko du, “konbentzioetatik ihes egiten duena, agian zailagoa dena denei gustatzea”. Argi du argazkilaritza espektakularra ez duela atsegin, interesa “gauza xumeagotan bilatzen” duelako.
Facebook eta Flickr sareak erabiltzen ditu beste batzuen lana ezagutzeko eta bere lanak argitaratu eta ikusgai jartzeko. “Denetarik” aurkituko du bertan sartzen den argazkizaleak. “Laster, segur aski” blog bat zabalduko du.