Hamaika urteko bidean aurkitutako lagunei, proiektua babestu dutenei eta ikusleei eskerrak eman nahi izan dizkie Soltek: "Talde moduan gure bizitzako hamaika urte konpartitu ditugu zuekin batera, hamaika urte eta beste hainbeste bizipen. Bi estatuen errrepresio eta laguntza eskasen gainetik pasatako hamaika urte". Babes handia sentitu dute Solteko kideek, une berezietan batik bat. Kontzertuetan, estudioan grabatzen, bideoklipetan, batzarretan… "eskertzekoa da zeinen handiak zareten, zuek ere Soltetarrak zarete".
Urte guzti hauetan hamaika gaztetxe, herri, auzo, taberna eta abarretan egoteko aukera izan dute Txipi, Aritza, Tolo, Aingeru eta Txitxok. Jende berri asko eta talde asko ezagutu dituzte. "Esperientzia musikatu hau bizitzea plazer hutsa" izan dela nabarmendu dute taldekideek.
Ondoan, "eta beti laguntzeko prest" izan dituzte beste hainbat lagun ere. Unai Bergara, Mikel Torrijos, Iñaki ta Christian, Pikapi, Iñaki Jauregi, Urtzi Arrieta, Txopez, Larraitz Zuazo, Kanttuenea ekintzak, Taupaka Elkartea eta "bertako kamaradak", bikote, senide… "eta nola ez, gure kuadrilla maitea".
Azken agurra
Uztailaren 15ean Soltek agur kontzertua eskainiko du Santutxun, jaietan, Basarrate plazan. "Azken egurra banatzeko eguna" izango dela aurreratu dute jada. "Hileta jaia alegia". Zale guztiekin batera "izerditzeko gaua".