“Jai jasangarriagoak eta irisgarriagoak egiteko pausoak eman nahi ditugu Santutxun”

bertonaldizkaria 2017ko uzt. 6a, 08:45

Mikel eta Liher, Santutxuko Jai Batzordeko kideak

Uztailaren 8tik 16ra ospatuko dituzte santutxutarrek auzoko jaiak. Jai batzordeko kide Mikel eta Liherrek jaien antolaketari buruz hitz egin digute. Besteak beste, zailtasunei, aldaketei eta apustuei buruz.

Zergatik erabaki duzue aurtengo jaietako pregoilari Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak izendatzea?

Auzoko talde edota kolektiboren batek urteurren borobilen bat bete duen aztertzen ibili ginen, eta ez dugu aurkitu. Orduan jai batzordeko kideren batek bota zuen plataformaren izena, eta denok konforme egon ginen. 

Aurtengo Santutxuko jaietako kontzertuak inoiz baino nazioartekoagoak izango dira. Zergatik?

Ez dira betiko kontzertuak. Talde lokalen maratoia aurreko urteetan bezala mantenduko dugu, baina gainerako talde gehienak nazioartekoak dira. Musikari argentinarrak (Kumbia Queers), rapera guatemalar bat (Rebeca Lane), Cadizeko talde bat (Ea!), Leoneko tronpeteroak (Los Ciclones de Becerril)… Ez da izan erabaki irmo bat, aukera egon delako etorri da horrela, eta behin nazioartean sartuta zergatik ez talde gehiago ekarri? 

Zein irizpide erabili duzue kontzertuak lotzeko?

Hizkuntza eta generoa kontutan izaten ahalegintzen gara. Aurten, parekideagoa da kartela, baina hizkuntzaren irizpidea derosekatu zaigu aniztasunaren mesedetan. Ez da erraza. Saiatzen gara dena estilo berekoa ez izaten, denen gustuko taldeak lotzen. Bide horretan ondo ari garela uste dugu. Kontzertuetan hainbeste diru ez inbertitzeko erabakia hartu genuen. Finean, Santurtzin, Barakaldon… ere Karmen jaiak dira, eta udalerri horietako kontzertuekin ezin dugu lehiatu. Udalek kontzertuak zuzenean finantziatzen dituzte herri horietan, eta guk ez dugu aukera hori. Santutxura datozen talde denei mila euro ordaintzen diegu, pare bat orduko kontzertua ematen dute, txiki zein handi izan, ze esfortzua denentzat berdina da. 

Solte Santutxuko taldeak bere azken kontzertua emango du jaietan.

Bai, hamaika urteren ostean erabaki dute taldeari amaiera ematea Santutxuko jaietan. 'Hileta jaia' deitu diote uztailaren 15eko azken kontzertuari. Mitikoa izango da. 

Hirugarren urtez antolatu duzue Musika Lokal Maratoia. Zelako harrera dauka?

Harrera ona. Izena ematen duten taldeek eskertzen dute horrelako aukera ematea talde txikiei, eta auzotarrek ere ondo hartzen dute. Hamar bat taldek parte hartuko dute uztailaren 11n. Bakoitzak 15-20na minutuz joko du Basarrateko eszenatokian. Hiru adituk osatuko duten epaimahaiak eta auzotarrek euren botoekin erabakiko dute uztailaren14an Koban eta Rebeca Lanaren telonero nor arituko den. 600 euro ere eskuratuko ditu talde irabazleak. 

Telefono mugikorretarako aplikazio propioa daukate Santutxuko jaiek. Zein informazio ematen du aplikazioak?

Egunez eguneko jardueren programa batetik eta bestetik jaietako finantziaziorako hain garrantzitsuak diren Santutxuko merkatari eta ostalarien web guneetarako estekak. Iaz deskarga asko izan zituen aplikazioak (Santutxuko jaiak app). 

Lehiaketa gastronomikorik ez da faltako Santutxuko jaietan.

Marmitako eta bakailao txapelketarekin hasiko dira jaiak uztailaren 8an Basarraten eta bigarren larunbatean (uztailak 15) sukalki txapelketa izango da Zonan. Lehiaketa gastronomiko potenteenak dira hiru horiek. Oso jendetsuak izan ohi dira, eta partaide gehinenei sariak ematen ahalegintzen gara. Aste barruan talde gazteagoek parte hartu ohi dute tortilla eta paella lehiaketetan. Aurten, berrikuntza bat daukagu, pasta lehiaketaren ordez Basarrate Chef lehiaketa antolatu dugulako. 

Zer da Basarrate Chef?

Master Chefen antzeko lehiaketa baina santutxuar erara. Gazte Asanbladak antolatu du uztailaren 10ean. Partaideek azken unera arte ez dute jakingo zein plater prestatu beharko duten, eta gainera osagai sorpresa bat erabili beharko dute. 

Jai jasangarriagoak eta irisgarriagoak egiteko pausoak eman nahi dituzue. Zelan ekingo diozue?

Bai azpiegituran bai programazioan erabiltzen dugun jaietako materialaren inbentarioa eta balorazioa eginez hasiko gara. Lehen urte honetan hausnarketa egin nahi dugu neurria txikiak hartzeko eta apurka aurrera egiteko. Esaterako, bilera egin dugu Udalean jaietarako edukiontzi desberdinak ekar ditzatela eskatzeko. Horrela hondakinak bereiztuko ditugu bai txosnetan bai jai gunean. Egunean zehar birziklapena sustatu nahi dugu, badakigu gauez zailagoa izango dela. Luzera begirako lanketa da hau. 

Argazki lehiaketa antolatu duzue aurten ere.

Iazkoa izan zen lehen esperientzia, Argi Gorri laborategiak antolatuta, Santutxuko Jai Batzordearen laguntzarekin. Oso baikorra izan zen. Jende askok parte hartu zuen. 

Zeintzuk dira jaiak antolatzeko izan dituzuen zailtasunak?

Hasteko, ekonomikoak. Aste luze bateko jarduera antolatzeko aurrekontua lotzea konplexua da. Udalak ia ez du laguntzarik ematen. Ematen dituen 1.500 eurorekin ezin dugu eszenatokia ere ordaindu. Jai batzordeak eta ostalariek antolatzen ditugun ekimenek elkar ez zapaltzea ere ez da lan erraza. 

Zeintzuk dira Santutxuko jaietako ekitaldi arrakastatsuenak?

Gastronomikoak, ur-zezena, Gaztediren dantzaldia Karmen egunean… Gaztedi dantzari taldeak jarraitzaile leialak ditu. 

 

Egitaraua: issuu.com/sangutxu

@Sangutxu

facebook.com/sangutxu.santutxukojaiak

sangutxu@gmail.com