Kumbia Queers taldea Santutxuko eszenatokira igoko da gaur kontzertua eskaintzeko. Talde argentinarrak The Cure, Black Sabbath eta Ramones taldeen abesti gogokoen letrak moldatzen ditu emakume punki, metal eta cumbiazaleen istorioen bidez eta umorearekin gizartea kritikatzeko. Halaber, emakumeen kontrako indarkeria salatzen dute euren abestietan. Kontzertua doakoa izango da eta 22:00etan hasiko da Santutxuko Basarrate plazan.
Nazioartean
Kumbia Queers taldeko kideek Buenos Airesen elkar ezagutu zuten 2006an Mujeres Rebeldes Belladona Jaialdian. Ezagunak dira haien show txundigarri eta basatiengatik. Europa, Mexiko, Estatu Batuak, Kanada, Brasil, Txile, Uruguai, Kolonbia eta Argentinako hainbat jaialdietan ibilitakoak dira: Vive Latino, SXSW, Fusion, Personal Fest eta Mundial jaialdietan, hurrenez hurren. Horrekin batera, espetxeetan, eskola publikoetan, adinekoen egoitzetan, graduazio-ekitaldietan, ezkontzetan, tabernetan, diskoteketan, harrotasun martxetan, topaketa feministetan, unibertsitateetan, etxe okupetan ere izan dira kontzertuak eskaintzeko.