Aste honetan ekingo dio Parrapean komiki jaialdia. Egitarauan antolatutako ekintza guztiak doakoak izango dira, eta horien artean mahai-inguruak, tailer monografikoak, zine proiekzioak, argitaratu diren azken lanen aurkezpenak eta aurten, programazioari amaiera emateko, urriaren 21ean Karmelo plazara helduko den euskarazko komikiaren laugarren azoka egongo dira.
Programazia Daniel Redondok zabalduko du marrazkilariaren lanetik ibilbidea egiten duen Tintazko itsasoan… branka haizeari! erakusketarekin. Urriaren 21era arte Begoñako Liburutegian egongo den erakusketak zortzi panel ditu, eta horietan marrazkilari bilbotarraren bilakaera eta estiloak ikusi ahal izango dira, Bruguera argitaletxean hasi zenetik. Bigarren erakusketa urriaren 17an, asteartean, inauguratuko da Begoñako Udaltegian, eta “El balancín” argitalpenari egongo da eskainita. Kike Infame zuzendariak aurkeztuko du erakusketa, eta bisita gidatua egingo du arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Aste honetarako programazioak, Itzaltzuko bardoaren kondaira tragikoan oinarritutako “Gartxot” marrazki bizidun filma ere jasotzen du, ostegunean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta baita aurtengo edizioko herrialde gonbidatua den Portugalgo komikiari buruzko hitzaldia ere, ostiralean, urriaren 20an, Joao Miguel Lameirasekin eta Paulo Monteirorekin.
“Parrapean Komiki Egunak” jaialdiaren aurtengo edizioari larunbatean, urriaren 21ean, emango zaio amaiera, goizeko 11:00etan Karmelo plazan ateak zabalduko dituen, euskarazko laugarren komiki azokarekin. Ohiko etxatoez gain, umeentzako eta gazteentzako tailerrak, jazz musika, hiriko dantza emanaldiak eta argitaratu berri diren lan batzuen aurkezpenak izango dira.
Azken horien artean, Benito Lertxundik aurkeztuko duen Asisko Urmenetaren “Eusklabo alaiak”, Julen Ribasen “Santa Familia” eta Roger Seiter eta Eric Catarina frantsesen “Zulo bat oroimenean” egongo dira. Roger Seiter komiki frantseseko figura garrantzitsuenetakoa da, eta ibilbide luzea du komiki gidoilari gisa, “Fog”, “Lefranc”, “H.M.S” edo “Kogaratsu” argitalpenetan, besteak beste.
Sarien banaketa
Azokaren barruan, eguerdiko 12:00etan, euskaraz egindako komikiaren Parrapean 2017 lehiaketaren sariak banatuko dira Azokan, eta Daniel Redondo (Bilbo 1940) marrazkilariari ohorezko saria emango zaio. Daniel Redondok Bruguera argitaletxean hasi zuen bere marrazkilari karrera. Euskal Herrira itzultzean Donostian ezarri zen, eta bertan Gregorio Muro Harriet gidoilaria ezagutu zuen.
Berarekin batera istorio labur ugari egin zituen hainbat aldizkaritarako, eta baita “Jon eta Mirka” eta “Marca de la bruja” serieak ere. Azken hori benetako best sellerra izan da Frantzian. Ondoren, Christian Perrissin gidoilari frantsesarekin, Jean-Michel Charlier gidoilari frantsesak sortutako “La Juventud de Barba Roja” serieko hainbat bilduma egin zituen.
Jardunaldi osoa musikaz eta hiriko dantzaz girotuta egongo da. Itxierako azken ekitaldi bat ere egongo da, arratsaldeko 19:30ean, Musika ilustratua izenburupean Paulo Monteiro, Julen Ribas, Daniel Fano, Asisko eta Adur marrazkilariak elkartuko dituena, Xabier Lizaso piano jolearen musikak lagunduta.