Sarreran zegoen planoan ikus zitezkeen espazioen banaketa, kokapena eta antolamendua. Sarreraren eskumaldean bulegoak egongo dira, aurrez aurre, berriz, erosketa gunea eta ezkerraldean hozkailuak eta bazkideentzako gune soziala.
Kepa Ibaibarriagak orain arteko lanen berri eman zuen. Saneamenduen egoera eskasagatik egin beharreko ahalegina aipatu zuen eta nabarmendu terrazen egoera kaskarra konpontzeko bidean zegoela. Hala ere, hasierako plangintzan eta aurrekontuan oso alde txikia egongo dela ziurtatu zuen.
Labore Bilboren helburuetako bat bertako elikagaiak prezio herrikoietan erosi eta saltzea da. Horrela kontsumitzaileek kalitatezko produktuak izango dituzte eskura, nekazariek prezio duina jasoko dute beren produktu eta lanengatik eta gure elikadura osasuntsuaz eta natura zaintzearen beharraz jabetuko gara.
Labore Bilbok duela lau urte Santutxun bertan desagertu zen Bizigai kontsumo kooperatiba asanblearioaren lekukoa hartuko du. Santutxun kokatu arren elikadura osasuntsua, bidezko merkataritza, natura, bertoko sare justuak, hau da, elikadura subiranotasuna bultzatzen duten Bilbo osoko pertsonentzat irekita dago. Metroaren Zabalbideko ahoa 100 metrora dago, Bilbobuseko hainbat linea 50 metrora gelditzen dira eta parkinga ere hurbil dago.
Auzolanaren garrantzia azpimarratu zuten bileran, eta egin beharreko lanak aurrera eramateko bolondresak eskatu zituzten. Joseba Martinek, berriz, egin den gestio ekonomikoaren berri eman zuen.
Proiektu bizi, anbiziotsu eta gogobetegarri honek 250 bazkidetik gora batu ditu hilabete gutxitan. Hala ere 500era heltzea espero dute urtea bukatu baino lehen. Zure alea jarriko duzu?