Komiki bete plaza

bertonaldizkaria 2017ko urr. 20a, 09:24

Parrapean Komiki Egunak jaialdiaren aurtengo edizioari bihar, urriak 21, emango zaio amaiera Karmelo plazan ateak zabalduko dituen euskarazko laugarren komiki azokarekin. Plaza bete komiki eta komikigile izango da. 

Ohiko standez gain, umeentzako eta gazteentzako tailerrak, jazz musika, dantza emanaldiak eta argitaratu berri diren lan batzuen aurkezpenak ere izango dira Karmelo plazan goiz eta arratsaldez.

Aurkezpenen artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, Benito Lertxundik aurkeztuko duen Asisko Urmenetaren Eusklabo alaiak, Julen Ribasen Santa Familia eta Roger Seiter eta Eric Catarina frantsesen Zulo bat oroimenean.

Roger Seiter komiki frantseseko figura garrantzitsuenetakoa da, eta ibilbide luzea du komiki gidoilari gisa, Fog, Lefranc, H.M.S edota Kogaratsu argitalpenetan, besteak beste.

 

Sariak

Azokaren barruan, eguerdian, bi sari banatuko dira. Parrapean 2017 euskarazko komikiaren lehiaketako saria, batetik, eta, bestetik, Daniel Redondo (Bilbo, 1940) marrazkilariari ohorezko saria. Daniel Redondok Bruguera argitaletxean hasi zuen bere marrazkilari karrera. Euskal Herrira itzultzean Donostian ezarri zen, eta bertan Gregorio Muro Harriet gidoilaria ezagutu zuen. Berarekin batera istorio labur ugari egin zituen hainbat aldizkaritarako, eta baita Jon eta Mirka eta Marca de la bruja serieak ere. Azken hori benetako best sellerra izan da Frantzian. Ondoren, Christian Perrissin gidoilari frantsesarekin, Jean-Michel Charlier gidoilari frantsesak sortutako La Juventud de Barba Roja serieko hainbat bilduma egin zituen.

 

Azken ekitaldia

Itxierako azken ekitaldi bat ere egongo da, 19:30ean, Musika ilustratua izenburupean Paulo Monteiro, Julen Ribas, Daniel Fano, Asisko eta Adur marrazkilariak elkartuko dituena, Xabier Lizaso pianistaren musikak lagunduta.