Kazetaritza eta inprenta laborategia da Solokoetxen kokatuta dagoen Erredakzioa. Tania Arriagak eta Maite Martinez de Arenazak abiarazitako proiektua. Bertan sortu dute, besteak beste, Minerva izeneko makina tipografiko zaharberrituarekin Minerva aldizkaria. Gai eta eduki bakarreko argitalpena. Kazetari batek eta ilustratzaile batek bere gain hartuko duten "erreportaje ilustratu bat" izango da aldizkariaren muina. Aldizkaria ekoizteko "artearen baliabideak" erabiltzea dute helburu. Esaterako, ilustrazio guztiak Minerva makina erabiliz "eskuz eta banan-banan" estanpatatu dituzte.
Lehen zenbakiaren edukietaz Mirentxu Purroy kazetaria eta Higi Vandis ilustratzailea arduratu dira. Taniak eta Maitek beren-beregi hautatu dituzten kolaboratzaileak.
Minerva aldizkariak edizio mugatua izango du, 250 alekoa. Lehen zenbakia bihar, urriak 27, aurkeztuko dute Erredakzioan (Iciar maisua z/g, Solokoetxe) 19:30ean.