Mugimendu libertarioak oinarriak jarri nahi ditu behetik gorako egiturak sortzeko

Alberto Ugarte 2017ko urr. 30a, 08:37

Joan den asteburu honetan Karmelak, Santutxuko ikastola okupatuak, abegitsu hartu du Ekologia Sozialaren Nazioarteko II. Topaketa. 

Antolatzaileen arabera kapitalismoa suntsitzen ari da bere neurrira moldatu duen gizartea eta honi aterpea damaion natura. Estatua da kapitalismoak daukan tresna nagusia hedatu ahal izateko. Kapitalismoaren hondamendia gertu dago, eta hondamendiarekin batera  estatuari 'ongizate estatuaren azenarioa' mantentzea ezinezkoa egingo zaio. Beraz, horren aurrean herritarrok hausnartu eta antolatu behar dugu paradigma politiko emanzipatzailea abiarazteko.

Ostiral arratsaldetik aurrera ehun pertsonatik gora hurbildu ziren Karmelara egitarau oparoa jarraitzeko. Ostiralean bertan Jtxo Estebaranaz, Floreal M. Romero, Itziar Madina eta Debbie Bookchinek errepasoa eman zieten Murray Bookchin anarkista iparramerikarraren ideiei eta Euskal Herriko mugimendu libertarioaren sustraiei.
 
Larunbat goizean, berriz, hainbat alorretan jorratzen ari diren borroken eta esperientzien txanda izan zen. Txiapasekin taldeko kideek hango egoera azaldu zuten, Tosuko baratze okupatuko lagunek (aktualitatea bereganatu du Poliziak hustu eta pasa den larunbatean lurra berreskuratu ondoren) euren bidea, Permakulturan oinarritutako Olloko Gure Sustraiak baserri eskolaren esperientzia, Bilboko ekintza antiespezistek euren lana eta Bretainiako Nantes inguruko Zone A Défrendek (ZAD) euren jarduna, zeinak aurre egiten dion zelaiak eta berdeguneak suntsitzeari eta  aireportua eraikitzeari. Arratsaldez anarkosindikalismoak egindako bidea jorratu zuten. Eguna amaitzeko eztabaida eta hausnarketa oparoa eman zuen tartea izan zen. Alde batetik Kataluniatik etorritako Laia Vidalelek process-aren ikuspegi kritikoa eman zuen, Kurdistango kideek konfederalismo demokratikoak zertan datzan azaldu zuten, eta Jakue Pascualek Euskal Herriaren potentzialitatea eta estatua eta nazioaren arteko desberdintasuna azaldu zuen.
 
Igandean 'kapitalismoak duen rol psikologikoa lokarri komunitario eta komunikatiboak alienatzean eta suntsitzean' jorratu zen goizean, eta arratsaldean Jineology emakumearen zientzia soziala kurduen arabera. A Ocalan preso politikoaren idatzietan oinarritua den Jineology emakumeen ideologia askatzailea da. Royaban egiten ari diren borroka eredugarria ulertuezina izango litzateke emakumeen parte hartze askatzailerik gabe, Jineologyren etimologia argigarria da, jin hitzak kurdueraz emakumea esan nahi du, baina jin jiyan errotik dator, bizitza esan nahi duena.
 
Euskaren trataera eskasa gorabehera, topaketa interesgarria eta oparoa izan da Karmelak hartu duen bigarren hau. Mugimendu libertarioak oinarriak jarri nahi ditu behetik gorako egiturak sortzeko. Hala izan dadila.