Adin txikikoek jasaten duten indarkeria sexuala "erabat deitoratu" dute

bertonaldizkaria 2017ko aza. 13a, 08:43

Hainbat lagun bildu dira Santutxuko Karmelo plazan adin txikikoen aurkako sexu erasoak "gure kale eta etxeetatik desagerrarazteko konpromiso irmoa" erakutsi asmoz. 

Datuak "gordinak" dira joan den larunbatean Karmelo plazan hitza hartu zuten bozeramaileen arabera. "Egun, 13 urte bete baino lehen, lau neskatotik batek eta zazpi mutikotik batek indarkeria sexuala jasaten du. Kasuen %90ean senide bat edo eremu hurbileko pertsona bat da erasotzailea". Aipatutako datuek "amorrua" sortu dute Santutxuko auzotarren artean, eta euren seme-alabak aske izateko lekua aldarrikatu dute auzoan: "Erasotzaileek ez dute lekurik ez Santutxun ezta gure hirian ere". Ozen adierazi dute "gure haurrak txoko guztietan aske eta zoriontsu nahi ditugula". 

Bestalde, erasotzaile sexualek duten zigorgabetasunaren aurrean suminduta agertu dira elkarretaratzean bildutako lagunak. "Oso haserre umeen babesle eta bermatzailetzat bere burua duen sistema oso batek, konplize gisa, era horretako delituak zigorrik gabe uztea baimentzen duelako".

Ekitaldian, "umeen aurkako erasorik gabeko gunea" izendatu zuten Santutxu auzoa eta Bilbo hiria. "Guk sinisten zaituztegu", esanez eman diote amaiera elkarretaratzeari.

Beste mobilizazio bat

Ildo berean, haurren kontrako indarkeriaren aurrean "inpunitaterik ez" aldarrikatzeko, Bilboko mugimendu feministak mobilizazioa deitu du azaroaren 17an, Jardines Albian, epaitegien aurrean, Zure egia gurea eginez lelopean.