Orue txaleta emakumeen kartzela ere izan zelako

bertonaldizkaria 2017ko aza. 27a, 07:06

Orue kartzelaren ikerlanean ari diren taldekide batzuk

Joan den otsailean hasitako Orue txaletaren historia berreskuratzeko ikerketak Andrea Heuschmid pedagogoa hunkitu du. Besteak beste, BERTON aldizkarian argitaratutako albistearen haritik tiraka hainbat lagun batu direlako emakumeen kartzela izan zen eraikineko errealitate izkutua argitara ekartzeko proiektura. 

Santutxuko auzotar askok jakin badakite Orue txaleta klinika izan zela Frankismo garaian. Santa Marta klinika, hain zuzen ere. Bertan jaio eta sendatutakoak dira hainbat mahatsorri. Inork gutxi daki, ordea, 1937an tropa nazionalak Bilbon sartu zirenetik lauzpabost urtez emakumeen kartzela politikoa izan zela. 

Orue txaletaren kartzela pasarteak golpera erakarri zuten Andrea Heuschmid pedagogo eta Baskale elkarteko kidea, batez ere, kartzelaren inguruko informazio eskasiak deitu zion arreta. Jakin-mina piztuta, galdetzeari ekin zion. Horrela jo zuen BERTON aldizkarira, eta aurtengo otsailean (206 zk) Orue txaletari buruz zerbait badakizu? izeneko artikulua kaleratu zen aldizkarian. Argitara eman eta oso epe laburrean bi emakume jarri ziren Andrearekin harremanetan. Maria Jesus eta Maria. Biak ala biak dira egun txaletaren historia berreskuratzeko lantaldeko kideak. 

Maria Jesus bere lagun margolari baten laguntzarekin ari da Orue txaletaren itxura berregin nahian kuadro batean. Ez da zeregin erraza bildutako argazkiek ez baitute osorik erakusten txaleta osorik zelakoa zen. Izan ere, horma eta arbola handiek inguratzen zuten, eta argazkietan ere horrelaxe agertzen da, erdizka. 

Umetako oroitzapenak dakarzkio txaletak Maria Jesusi. Bere familia aurrez aurre bizi zen, eta etxeko leihotik ikus zezakeen Maria Jesusek Orue. Beti klinika bezala ezagutu du txaleta. Bere 70 urteetan inori ez dio inoiz entzun emakumeen espetxea izan zenik. Izugarri harritu zuen berriak, eta berak ere auzotarren eta lagunen artean galdetzeari ekin zion. Galdetuz bi emakume aurkitzera iritsi ziren. Biak elkarrizketatu zituzten, baina horretarako aurretiaz lantaldea handitu zuten. Oiane historialaria, Patrizia eta Arantza gidoilariak, Monica antropologoa eta Maria kazetariarekin “talde jator bat” osatu dute. 

Elkarrizketak oso aberasgarriak izan badira ere, lekukotza eman duten pertsonentzat esperientzia gogorra izan da garai ilunak gogoratzea. Oinazea guztiz sendatu ez den seinale. Mingarriak direlako oraindik gerra, gerraostea eta Frankismoa. “Espetxera eraman zituzten emakume asko euren ideiengatik. Militantzia politiko eta sindikala oso garesti ordaindu zuten, eta euren oroitzapenei bizirik eustea gutxienekoa da. Andrazko horiei bizitza eta ahotsa emateko garaia da”, Andrearen esanetan. 

Elkarrizketen ostean, zer egin bildutako informazioarekin? Lantaldearen indarra zelan bideratu? Horiek izan dira Andreak harrezkero buruan izan dituen galderak. Abuztuko oporretatik bueltan kide guztiei deitu eta, zortea lagun, guztiak prest agertu ziren biltzeko. Azaroaren azken astean jardunaldi batzuk antolatzea adostu zuten, Orue kartzela, andreak, iragana eta duintasuna izenarekin. 

Santutxun zehar bisita gidatu bat prestatu dute. Batetik, Errepublika garaian emakumeak zelan bizi ziren ezagutzeko: tabako lantegian, komentuetan, ikastetxeetan, baserrietan, Maternitate Etxean, Maistren Eskolan… eta bestetik, guda garaian eta Frankismoan zein lekutan eta zelan bizi ziren azaltzeko, besteak beste, preso Orue txaletean. 

Maria Gonzalez Gorosarriren Rosario, La Dinamitera dokumentalaren emanaldia eta emakumeen kartzelen inguruan doktorego tesia egiten ari den Monica Calvoren hitzaldia ere antolatu dituzte jardunaldien baitan.  

Orueko kartzelako emakumeen historia paperean ez ezik beste formatu batzutan ere jendarteratzeko ideia du Andreak. Esaterako, antzezlan formatuan. Anima eskolako Algis Arlauskasek jarri zuen harremanetan Arantza Rojas gidoilariarekin. Arantzari “kristoren proiektua” iruditu zitzaion. Hasita dago antzerkirako testu bat idazten (Las semillas del roble), eta lanaren aurrestreinaldia abenduaren 2an eskainiko du.

Egitasmoa ez da jardunaldiekin amaituko. Andreak dioenez, Orue kartzelaren ikerlanak aurrera jarraituko du. 

 

Jardunaldiak: Orue kartzela, andreak, iragana eta duintasuna

Hitzaldia: Andreak II. Errepublikan eta Gerra Zibilean. Andre bilbotarren parte-hartze aktiboa. Hizlaria: Marta Brancas Escartin. Azaroak 29 asteazkena, 19:00etan, Karmelan (Fika 44, Karmelo ikastola zaharra).

Hitzaldia: Zalantza, gaitzuste eta generoa. Bilboko andreen kartzela, Orue txaleta. Hizlaria: Monica Calvo Ortiz. Azaroak 30 osteguna, 19:00etan, Karmelan (Fika 44, Karmelo ikastola zaharra).

Ibilbide gidatua: Andreen bizitza Santutxuko bazterretatik. Gidariak: Oiane Valero Belasko eta Andrea Heuschmid. Abenduak 1 ostirala, 18:00etan, Musika Eskolatik hasita (Sorkunde 8).

Antzezlana eta dokumentala: Arantza Rojasen (Ánima Eskola) Las semillas del roble antzezlanaren aurrestreinaldia eta Maria Gonzalez Gorosarriren Rosario, La Dinamitera dokumentalaren emanaldia. Abenduak 2 larunbata, 18:00etan, Ánima Eskolan (Jose Miguel de Barandiaran 3).