Jexuxmari Zalakainek bizitako krisietan “inmersioa” egin du, nola gainditu dituen azaltzeko

bertonaldizkaria 2017ko abe. 11a, 09:17

Unerik txarrenean krisiak nola gainditzen diren –berak nola gainditu dituen, bederen– azaltzeko beharra sentitu du Jexuxmari Zalakain irakasle eta kazetariak Errezel berdeak izeneko liburuan (Txalaparta, 2017). 

Egilearen hitzetan, “pudore handiarekin egindako strip-teasea da”. Liburua ez da biografia bat, “inmersio bat” baizik, bere bizitzako “itsasoan unerik zakarrenean egindako inmersio zintzoaren emaitza”. Kartzelan zegoela (2007-2015), 18/98 auzian epaitua Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izateagatik, bere baitarako “bidaia askatzailea egiteko premia” sentitu zuen, eta idatziz leundu zituen bidaia horren unerik garratzenak. 

Bi zatitan ebaki du liburua Zalakainek. Lehenengoan, Matazaren hari ezkutuen peskizan izenekoan, umetatik hasi eta 24 urte bitartean bizi izandako bizikizunen errepasoa egin du: "Gerora korapilo bihurtuta, nola askatu ez nekiela desesperaturik, gertakarien hari-muturrak non demontre ote zeuden bila ibili bainintzen errukirik gabe, ahalik eta argirik zorrotzena proiektatuz bizitzaren zoko-mokoetan. Horrek azaltzen du zergatik den bigarrena baino aise luzeagoa".

Bigarrenean, Zurrunbiloaren begian izenekoan, bere bizitza publikoan "izandako sentsazio transferiezinak" uzti ditu. Ez ditu Egin-eko urteak zehatz-mehatz arakatu, ez Euskaldunon Egunkaria sortu aurreko lanaldiak edota Irakaslego Propioaren borrokaldian bizi izandakoak UPV-EHUn. "Gauza horiek denak, ia denak, kontatuta daude", eta ez du ezer errepikatzeko premiarik ikusi. Beraz, alor horietan denetan "nik neuk, eta nik neuk soilik, pentsatu eta esperimentatutakoa ekarri dut orriotara. Eta hori, ez historiaren hutsuneak betetzen laguntzeko, baizik kartzela-garaian bizi izandako krisia esplikatzeko egoki iritzi diodan neurrian soilik".

Badira, gainera, espresuki kontatu nahi izan ez dituen gauzak, "inori kalterik ez egiteko edota euren bizipenak agerian ez jartzeko, ez baitaukat eskubiderik inorenean baimenik gabe sartzeko".