Josune Azurmendi: “Tituluaren bila etorri diren horiek euskal kultura kontsumitzera bultzatu behar ditugu”

Dabi Piedra 2017ko abe. 18a, 11:03

Argazkiak: Iñigo Azkona

Ia 40 urtez euskara irakasle izan da Josune Azurmendi, Santutxuko AEK euskaltegian, eta oraintsu hartu du erretiroa. Francoren diktaduraren ondorengo girotik gaur arte euskalgintzak bizi izan duen bilakaera bertatik bertara ezagutu du, beraz. AEKn bertan gauzak asko aldatu dira, baliabide materialen aldetik zein ikasleen ezaugarriei dagokienez. Santutxun gero eta euskal hiztun gehiago daudela baina, proportzioan, gutxiago hitz egiten dutela ikusita, erabilerak kezkatzen du Azurmendi. 

Noiz eta nola hasi zinen zu euskara klaseak ematen? 

Txikitan euskaraz hitz egiten nuen, baina eskolara hastean galdu egin nuen. Nagusitu nintzenean erabaki nuen euskara berriro ikastea, film bat ikusi nuelako, uste dut Amalur izan zela. Karmelo elizan hasi nintzen ikasten, eta ondoren irakasle sartu nintzen. Garai hartan prozesu normala zen: ikasten amaitu eta irakasten hasi. Duela ia 40 urte hasi nintzen AEKn lanean, eta erretiratu arte segitu dut. 

Gau-eskolen sasoia zen hura? 

Garai hartan bi talde zeuden Santutxun: batek gauez ematen zuen, hori zen gau-eskola. Baina bestea egunez zen, gau-eskola deitzen genion, baina goizetan eta bazkalostean ziren klaseak. 

Nolakoak ziren garai hartako eskolak eta baldintza materialak? 

Ba, esaterako, kasetea oso gutxitan erabiltzen genuen, entzumena irakasleekin eta kalean lantzen zen. Kalera irten eta aurkitzen genituen euskaldunekin praktikatzen genuen orduan. Liburuak, nik ikasi nuenean Euskalduntzen erabiltzen zen, baina ez zegoen material askorik. Desberdina zen, klasea amaitu eta tabernetara edo kalera joaten ginen. Garrantzitsuena praktikatzea zen. 

Karmelo elizarekin alderatuta, AEKren gaur egungo egoitza erosoagoa izango da, ezta? 

Karmelon hotza pasatzen genuen! Gainera, txikia zen. Baina guretzat hori ez zen hain inportantea, gaur egun garrantzia handia du lekuak: gelak, ordenagailuak... 

Baldintzak kaskarrak izanik, zerk bultzatu zintuen euskara berreskuratu eta, ondoren, irakasle izatera? 

Erabiltzeak, batez ere. Orduko ideia zen ahalik eta euskaldun gehien egotea, euskaraz hitz egin ahal izatea. Norberak ikasitakoa hurrengoei irakasten genien. Ez zegoen horrenbeste titulurik, EGA ere ez zegoen. Euskal Herrian bizi ginenez, jendeak uste zuen euskaraz ikasi eta hitz egin behar zuela, erabilerari oso lotutako motibazioak zituen jendeak, ez hainbeste tituluei begira. 

Zure ikasle izandako batekin kalean topo egin eta euskaraz hitz egiten dizunean, edo seme-alabekin eta ilobekin euskaraz entzuten duzunean, zer sentitzen duzu? 

Pentsatzen dut gure ahaleginak zeozertarako balio izan duela, behintzat. Santutxun eta inguruetan euskara gehiago entzuten da orain, umeak dauden giroetan batez ere, ikastolen inguruetan. Baina handik 20 metrora jaitsi egiten da erabilera. Uste dut Santutxu euskaldunagoa dela, baina erabileran ez da hainbeste igartzen. Lehen, hamar euskaldun bazeuden, zortzik erabili egiten zuten. Gaur egun, hamar euskaldun badaude, hiruk erabiltzen dute. Beraz, euskaldun kopuruak gora egin du, eta, ondorioz, lehen baino gehiago entzuten da, baina erabileran badago hutsunea, proportzioan. Lehen jendeak ezin zuen euskara erabili, ez zekielako; orain badaki, baina ez du erabiltzen. Ohitura kontua izango da, umetan euskaraz, zenbat eta nagusiago erdara gehiago, eta guraso direnean berriro hasten dira umeekin. 

Euskara ikasten duten ikasleen motibazioak aldatu egin dira? 

Bai, lehen nahi zutelako ikasten zuten eta, orain, behar dutelako, askoren kasuan. Politena litzateke beharra eta nahia batzea, baina beti ez da horrela. Esfortzu hori guztia egin eta gero, aprobetxatu eta erabili! Bestela, erabiltzen ez dena ahaztu egiten da. Edonola ere, garbi esan nahi dut ikasleek meritu itzela dutela, ahalegin handia egiten dute euskalduntzeko. Ikasleen ahaleginik gabe ezin izango dugu gizartea euskaldundu. 

Beste era batera motibatu behar dira ikasleak? 

Euskara ikasteko arrazoiak aldatu egin dira, baina etortzen bazara, zerbaitegatik izango da. Behartuta ez dator inor. Akaso talde berezietako institutuko ikasleak, horiek gurasoek behartuta datoz. Baina adin batetik gora, euskara ikastea erabaki baduzu arrazoiren bategatik izango da. Horiekin egin behar dena da, erabiltzera bultzatu, interesa eragin. Ohiturak aldatu eta euskal kulturara hurbildu daitezen ahalegindu behar gara. Tituluaren bila etorri diren horiek euskal kultura kontsumitzera bultzatzen baditugu, ondo. Euskaldun tituludunak bakarrik ez, euskaldun osoagoak behar ditugu, aktiboak, okindegira joan eta ogia euskaraz eskatuko dutenak. 

Euskaraz badakitenek edo ikasten ari direnek gehiago erabil dezaten, zer neurri har daitezke? 

Gauza txikietan eragin behar da. Adibidez, zu entrenatzailea bazara, jokalari guztiek euskaraz jakin ez arren, hitz batzuk esan ditzakezu. Bakoitzak bere esparruan eragin behar du. Kontua ez da mundua iraultzen saiatzea, gauza txikietan arreta jartzea baizik, bakoitzak dakien hori erabiltzea, hitz gutxi batzuk izan arren. Gainera, euskal kultura kontsumitzeko ohitura beharrezkoa da. Telebistan edo irratian euskarazko saioak entzutea, euskal musika pixka bat ere bai... Hala ere, ohiturak aldatzea zaila da, pertsona batekin erdaraz hitz egitera ohituta bazaude, zaila da horri buelta ematea, biak euskaldunak izanda ere. 

Euskalgintzak nola eragin behar du euskararen erabilera bultzatzeko? 

Jendeak gustuko duena euskaraz eskaintzen ahalegindu behar gara. Erdaraz bilatzen dutena euskaraz ere ematea, esparru guztietan: liburuak, musika, telebista, ekintza kulturalak... denon ardura da hau, erakundeena ere bai: aurreko batean erakusketa bat ikustera joan nintzen Euskalduna jauregira eta den-dena erdaraz zegoen. Diru publikoz babestutako jarduera bat zen, eta hizkuntzak gehiago zaindu beharko lituzkete, gutxienez erdia euskaraz egon dadila. Umeentzat garrantzitsua da euskara nonahi ikustea, bestela ikasgelako gauza artifiziala dela irudituko zaie, ez dute euskaraz egitea naturaltzat hartuko. 

Euskara ikastea doakoa izan behar litzatekeela aldarrikatzen du hainbatek euskalgintzatik. Badirudi erakundeak ere pausoak egiten hasi direla helburu horri begira. Zuk nola ikusten duzu hau?

Doakotasuna bai, baina gutxieneko asistentzia edo interes bat eskatuko nieke ikasleei. Ondo dago euskara doan irakastea, baina zerbait eskatu beharko dugu trukean. Ez nago tituluetan pentsatzen, saiatzea da kontua. Edonola ere, gauza polita litzateke doakotasuna, gure hizkuntzan dirua inbertitzea litzateke. 

Santutxuko AEK-k 50 urte bete zituen iaz. Zer datorkizu burura mende erdiko ibilbide horretan pentsatzean? 

Asko egin dugula, baina asko falta dela egiteko. Lan izugarria egin dugu, baina oraindik Santutxu euskaldundu arte beste 50 urte beharko dira, gutxienez. Jendea euskalduntzen segitzeko behar hori egongo da aurrerantzean ere, AEK-k izango du lana. 

AEK-n egin dituzun urte guztietatik, zer da gogoratzen duzun politena? 

Santutxutik ibili, jende ezagunarekin topo egin eta haiekin euskaraz egitea. Beharbada erdaraz aritzen dira ia beti, baina behintzat nirekin euskaraz egiten badute, bada aurrerapen bat. Politena hori da, euskaltegitik pasa direnez, euskaraz hitz egin dezaket haiekin. Harrelakoetan pentsatzen dut, ‘begira, gaur gutxienez hiru esaldi gehiago entzun dira euskaraz Santutxun’.