Jaio eta hazi zen moduan iritsi zaio BERTON aldizkariari, beste hedabide batzuei bezala, gainbehera, biziraupena eta amaiera. Bere zikloa osatu du. Herri gogo eta herri ekimenari esker sortutako komunikazio proiektuak bere ibilbidea egin du. 20 urte eman ditu, hilero, Mahatserriko berri ematen, abuztuan izan ezik, atseden hartzeko. Eta guzti hori lantalde zabal bati esker posible izan da. Lantaldea, denboran zehar aldatuz joan dena, arduratu da 1998ko otsailean euskaltzale irudimentsu eta ekimentsu batzuk herri aldizkari bat sortzeko abiarazitako bideari jarraipena emateaz. Musu-truk lanean, egitura xume eta apalarekin, baina egiten zuen lanarekin seguru eta harro. Izan ere, beste inork bere gain hartu ez duen hutsunea bete du BERTON aldizkariak. Tokiko informazioa euskaraz lantzeko ardura, alegia. Eremu hurbila, Begoñako errepublika zaharreko auzoak erreferentziatzat hartuta. Mahatserria eta bertan bizi diren mahatsorriak protagonista eginez. Hautu horrek lantaldea bi zereginetara bideratu ditu, batetik, orainaldian sortutako albisteei hedapena ematera eta, bestetik, lehenaldira jo eta ahaztutako historia berreskuratzera. “Zubi lana” egitera kontu berri eta zaharren artean. “Egitekoak eta egiteko moduak desberdindu gaitu”, diote erredakzio taldeko lagunek. “Horixe izan da BERTON-en ekarpena, eta itzela izan da”.
Auzotarren sostenguari esker sortu zen BERTON, eta pilatuz joan den sostengu zabalari esker eutsi dio hainbeste urtez. “Benetako auzolanaren eredua izan da”. Hortaz, ezer baino lehen, “eskerrak emateko beharra” sentitu du aldizkariko lantaldeak: “Eskerrak proiektua martxan jartzeko 1.000 pezetako ekarpena egin zuten familia eta norbanakoei, urteak pasa eta diru ekarpena egiten jarraitu dutenei, bidean batu diren babesleei, irakurleei, informazio iturriei, iragarleei, erakunde publikoei, elkarteei, kolektiboei... uneren batean, aldizkariaren balioaz ohartuta, era batera edo bestera lagun izan ditugun guzti-guztiei. Aupa zuek! Ederra izan da denon artean egindakoa”.
Arrazoiak asko
Papera uzteko erabakia ez da erraza izan, ezta bat-bateko erabakia ere. Azken urteotan lantaldeak buruan izan duen ideia da, ahuleziak areagotu izanaren ondorioz. Aldizkariaren ibilbidea eteteko arrazoiak asko dira, eta ez ekonomikoak bakarrik.
Egia da, azken urteotan BERTON-en diru sarrerak nabarmen murriztu direla, bai diru-laguntza publikoak bai publizitatea, eta gastuak –inprenta eta banaketa gastuak batik bat–, aldiz, haziz joan direla. 2008tik eutsi dio aldizkariak enbatari, baita galerei aurre egin ere, baina egoera aldrebesa gehiago luzatzea zentzugabea zen; arriskutsua ere izan zitekeen.
Inguru osoari eragin dio krisialdi ekonomikoak, zalantza gabe. Gogor kolpatu ditu krisiak txiki zein handi. Batez ere, “txikiok”, dio Lur Mallea BERTON-eko koordinatzaileak, “eta gurea bezalako egitura erdi profesionalak”. Lantaldeak ez du asmatu okertzen ari zen egoera ekonomikora egokitzen eta ideia ausartekin erantzuten. Indarra falta zuelako. Izan ere, ordurako BERTON aldizkariko lantaldea minimotan zegoen, errelebo gabe, aldizkariaren sustatzaile nagusi Asapala elkartea ia desagertuta, Mahatserriko euskalgintza eta herri mugimendua ahulduta, eta informazioaren eta komunikazioaren arloa guztiz eraldatuta.
Egoeraren larriaz ohartarazten ahalegindu da BERTON-eko lantaldea, hainbat mezu eta kanpainaren bitartez. Arrakasta handirik gabe. Irakurleei eta inguruko lagunei jakinarazten zein garrantzitsua den Mahatserriko aldizkaria eta, oro har, euskarazko hedabideak babestea, “hedabideon egonkortze bidean”. Geroz eta txikiagoak eta emateko unean aldakorragoak diren diru-laguntzen menpekotasunetik libratzeko. Diru iturri propioekin aurrera egin ahal izateko. Baina, alperrik. “Gutxiengo bat aktibatzea baino ez dugu lortu, eta ez da nahikoa izan”.
“Kontra elementu asko izan ditugu”, taldekideek diotenez. Besteak beste, asko aldatu da auzoan eta auzoko egitasmotan parte hartzeko eta inplikatzeko modua. Lehen jendea gogotsu zegoen bere aletxoa jartzeko eta auzolanean sortutako proiektuetan parte izateko. Orain, berriz, jendearen lehentasunak bestelakoak dira, indibidualagoak, eta ez hainbeste taldekakoak. Noizbehinkakoak eta ez hainbeste iraunkorrak. Hurbildu dira, bai, gazteak, kazetari-sen handikoak, BERTON-era. Egin dute euren ekarpena ere, zalantzarik gabe. Baina ez dira lantaldean geratu. Ez dute lantaldea berritu eta zabaldu. Horixe, ziurrenik, gure ahulezia handiena”.
Inguruak ere ez du gehiegi lagundu. Mahatserria –Begoña herria osatu zuten auzoak– eremu lausoa da, egitura eta trinkotasun gabea. Oso auzo desberdinek eta handiek osatzen dute, eta berauetan auzo-bizitza geroz eta txikiagoa da. Gainera, bateko eta besteko bizilagunak lotzen zituen ‘begoñatar izaera’ galduta dago egun. Neurri handi batean, BERTON aldizkaria izan da Mahatserriaren kontzeptua berreskuratu eta bizirik mantendu duena.
Eta bitartean, informazioa sortzeko, emateko, zabaltzeko eta kontsumitzeko modua irauli egin da. Teknologia berriek astindu egin dituzte hedabide tradizionalak. Informazioa bizkortu egin dute bere fase guztietan, komunikazioa unean unekoa eta etengabea bihurtzeraino. Euskarriak aldaraziz, paperetik pantailara. Eta aldaketa handi horren baitan, BERTON, paperezko hilabetekaria, “sasoiz kanpo” geratu da, zaharkitua eta erakargarritasuna galduta.
Esan bezala, arrazoiak asko dira, eta BERTON-en 20. urtemuga asko maitatu dugun aldizkariari behar zuen amaiera emateko une aproposa da.
Azken kuota eta agur jaia
BERTON-en paperezko bidea itxi aurretik, azken laguntza bat eskatuko die aldizkariak bere babesleei. Orain arte urtero emandako babesa emateko. 25 euroko kuotaren ekarpena, hain zuzen ere, azkena. Ohi bezala, gutun bidez, postaz, helaraziko zaie babesle diren harpidedunei jakinarazpena. Kobraketa urtarrilaren 10ean egingo da, eta nahi duenak aukera izango du uko egiteko edo ordainketa modua aldatzeko.
“Lantaldearen erabakiak auzotar asko tristetu dituela badakigu”. Lantaldeak ordea ez du nahi BERTON-ek amaiera tristea izatea, eta horregatik “auzolanean egindako bidea auzotarren artean gogoratzeko eta goraipatzeko” jaitxo bat antolatu du. Urtarrilaren 20an, larunbat arratsaldez, Karmelan, –Karmelo ikastola zaharrean–. “BERTON maitatu duen oro gonbidatuta dago”.
Uriola.eus erronka
Hortaz, egindakoa ospatzeko eta egiteko dagoena zabaltzeko hitzordua da urtarrilaren 20koa. Izan ere, “ez dugu inor umezurtz utziko. Itsu eta geldi ez baikara egon azken urteotan”. Tokikomen laguntzari esker, BERTON-ek, Deustualdeko Prest! aldizkaria eta Bilbo Hiria irratiarekin batera, Uriola.eus atari digitala sortu du Bilboko berri sortu eta zabaltzeko. Bilboko albisteei topagune bat emateko. Euskaraz. Ezberdinen arteko sormena eta lana saretzeko. Bilboko euskaldunok hain beharrezko dugun elkarlana sustatzeko. Uriola.eus-en auzoek eta auzotarrek merezi duten espazioa dute. Eta plataforma ireki eta parte-hartzailea izaki, informazioa jasotzeaz gain, auzotarrak eta elkarteak informazio-emaile ere badira, Komunitatea izeneko atalean. Hor du BERTON-eko lantaldeak erronka. Hor dute informatzeko eta komunikatzeko plataforma BERTON-eko irakurleek. Hor dute proiektua egonkortzeko aukera diru ekarpena eginez BERTON-eko babesleek.
“Mahatsorriok euskarazko hedabide duinak behar ditugu. Bilbon euskarak egiteko duen bide luzean apustu berriak egitea beharrezkoa da. Auzolanetik eta elkarlanetik. Saretuz, babestuz, indartuz. Sor dezagun denon artean Bilboko komunikabide euskaldun handi bat. Sor dezagun denon artean URIOLA handi bat!”.