Badira bi urte baino gehiago Karmela proiektua bizirik dagoela. Proiektu herrikoi hau Bilboko elkarte, gizarte mugimendu eta edozein auzokideri irekita egon da hasieratik. Horren isla dira denbora guzti honetan modu batera edo bestera proiektuaren bueltan saretu diren ehunka eragile eta milaka herritar.
Izaera herrikoia duen okupazio eta autogestio proiektu honen indarra "Bilboko herritarrengan dagoela" diote Karmelako partaideek. Eta une honetan, "horren beharra" dute, "inoiz baino gehiago". Hori dela eta, proiektu hau sostengatzeko deia luzatu dute eragileen artean.
Deiaren helburu nagusia, hain zuzen ere, etorkizun hurbilean aurreikusten dituzten erronkei "indarrez erantzuteko" atxikimenduak biltzea da. "Karmela proiektuaren balio eta potentzial handiena, duen izaera anitz eta herrikoia direla sinetsita gaude. Atxikimendu bilketa honekin horixe bera da irudikatu nahi duguna".
Karmela proiektuari sostengua adierazteko eragileen artean atxikimendu orriak banatu dituzte, besteak beste, e-posta bidez. Sinadurak otsailaren 8a baino lehen karmela@karmela.eus helbidera bidaltzeko eskatu dute.