Euskararen Asteko antolatzaileek gaurko ekitaldi nagusian Euskaraldia txertatzea erabaki dute. Horrela, arratsaldean Euskaraldiko protagonistak diren ahobizi eta belarriprest aurkeztuko dituzte Karmelo plazan eta, bide batez, azarora arteko "erronken" berri emango dute.
17:00etatik aurrera tailerrak izango dira umeentzat Karmelo plazan, besteak beste, ahobizi eta belarripresten irudiak egingo dituzte, gero txapa bihurtzeko. "Txokolatea ere emango dugu", dio Maider antolatzaileak. Finean, ume zein guraso erakartzea dute xede. Ondoren, ekintza nagusiari emango diote hasiera, giza futbolinari.
Giza futbolina
Azken urteetan hainbat ekimen "potente" antolatu dituzte Euskararen Astean. Esaterako, lipduba, flasmoba, 'Bizikleta erronka' edota 'Zapitik zapira euskarari tira'.
Aurten hamaika laguneko taldeka parte hartzeko giza futbolina antolatu dute, betiere "euskara erabiltzea" helburu dutela. 16 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena da. Izan ere, antolatzaileen arabera, "umeek badauzkate euskaraz aritzeko guneak, baina gazteek eta helduek arnasguneak identifikatzeko eta euskarazko ekimenetan parte hartzeko zailtasun gehiago dauzkate. Hori dela eta, aurten Euskararen Astean gazte eta helduek euskaraz komunikatzeko aukera izango dute".
Giza futbolinaren ostean, 20:30etik aurrera Santutxu Kantari kalejiran kantuka abiatuko da.
Ekimen gehiago
Dantzari Eguna martxoaren 18an izango da. Dantzariek 11:30ean Karmelo plazan dute hitzordua.
Martxoaren 21ean hitzordua bikoitza da. 10:00etan ikastetxeak play back txapelketan lehiatuko dira Karmelo plazan eta 3. DBHko ikasleek, berriz, Karmelo kalean muntatuko duten mintzodromoan egingo dute bat. Iaz, 300 bat ikaslek eman zuten izena eta, aurten, AEK euskaltegiko lagunek mintzodromoko partaideak hiru taldetan banatuko dituzte.
Ikastetxeek beste hainbat ekimen antolatu dituzte Euskararen Astearen baitan.