Bi pertsona zauritu dira Santutxun, taberna batean izandako borrokan

uriola.eus 2018ko api. 9a, 09:39

Caserio Landaburu kalean taberna borroka bat egon da asteburu honetan. Udaltzainek lau gazte atxilotu dituzte, horietariko bat adingabea izanik.

Larunbat gauean gertatu zen, Karmelo Plazaren alboan dagoen taberna itxi baino minutu batzuk lehenago. Caserio Landaburuko La Nube tabernan sortu zen liskarra, barruan zeuden bezeroen artean. Borrokaren zergaitia ez dute azaldu, baina eztabaida baten ondorioz, ostikoka eta ukabilkadaka hasi ziren.

Jakitera eman dutenez, guztira, bost zauritu egon ziren. Horrez gain, argitu dutenez, kolpeka aritu zirenez ez zuten arma zuririk erabili, zauritu guztiek ostikoak edo ukabilkadak jaso zituzten. Azkenean, ospitalera bi zauritu eraman zituzten, nahiz eta beraien bizitza arriskuan ez egon, egun guztia pasa dute Basurtun behaketan.

Bilboko Udaltzainek azaldu dutenez, oharra jaso zutenean bertaratu ziren. Borroka ikusi zutenean anbulantziei dei egin zieten eta borrokan parte hartu zuten guztiak identifikatu zituzten. Azkenean, lau pertsona atxilotuak izan ziren eta Miribillako polizia-etxera eraman zituzten. Atxilotuen artean adingabe bat zegoen.