Mende laurdena Santutxu "auzo grisa koloreztatzen"

uriola.eus 2018ko api. 24a, 12:27
Diseinua: Marrabila ilustrazioak

Ostegunetik igandera ospatuko du Santutxuko Gazte Asanbladak bere 25. urteurrena hainbat jarduerarekin. Besteak beste, asanbladako kide ohien eta kideen lekukotzak bildu dituen dokumentalaren aurrerapenarekin. "Oso desberdinak eta nahiko berdinak" diren lekukotzak. 

Dokumentalaren zati bat ikusteko aukera izango da ostegunean, Karmelan. Osorik ikusteko uztailera arte itxaron beharko da. Santutxuko jaietan eskainiko dute oso osorik Gorka Lopez Arantzamendik zuzendutako dokumentala.

"Auzoaren eta auzotarren 25 urte oso desberdin" erakusten ditu lanak Santutxuko Gazte Asanbladako Enararen esanetan. Izan ere, mende laurdenean belaunaldi asko pasa dira asanbladatik, gaztetxe bat baino gehiago okupatu eta autokudeatu dutenak, eta ikuspuntu guzti horiek batzea da dokumentalaren xedea. 

Duela 25 urteko asanbladako kideei eta azken urteetakoei oso errealitate desberdina bizitzea egokitu zaie eta, halere, batzuen eta besteen helburuak ez dira aldatu: "Aisialdi eredu alternatiboa sortzea, gazteria piztea eta ikuspuntu kolektibotik partea-hartzea eta elkarlana sustatzea". Aldatu dena, Enararen arabera, "aurrera egiteko modua da". 

Atzera begiratuta, egun baino "zailtasun gehiago" atzeman ditu Enarak. Batik bat, Sorgintxuloren utzaraztearen ondoren, 2004an. "Kolpe gogorra" izan zen auzoarentzat Sorgintxuloren itxiera: "Horrelakoetan sortutako guztia ez da galtzen, proiektua ez delako espazio fisikoan oinarritzen. Baina min handia eragin zuen Santutxun. Belaunaldi horrek min egitera jo zutela nabarmentzen du". 

Gaur egun, animotsu eta gogotsu dago Santutxuko Gazte Asanblada, Karmelaren baitan. Gaztetxe batekin alderatuta, "oso desberdina" bada ere, "aberasgarria" iruditzen zaie egungo kideei beste eragile batzuekin espazio konpartitzea eta kudeatzea. "Gu bakarrik egon izan bagina espazioak jango gintuzkeen", dio Enarak. 

Dokumentalean asanbladako kide batek egin du kamera lana eta bi kidek aholkularitza lana. 

 

Abestia

"Korrontez kontra gatoz gazteak / amorruz beteriko saguak / zabaldu ezazue albistea / kantuen ehiza hasi besterik ez da", dio 25. urteurrenerako espresuki sortu duten abestiak. Pantx Records estudioan grabatu dute hainbat lagunek. Besteak beste, Enara (Arrakala), Ziztada, Raperu, Mikelo, Aneguria, Shintoma, Txira eta Cubik parte hartu dute abestian. Abestiaren bideoklipa ere ekoitzi dute.

 

Jarduerak

Apirilak 26 osteguna

Santutxuko Gazte Asanbladaren 25. urteurreneko dokumentalaren aurrerapena.

Bilboko Okupazio Mugimendiaren dokumentalaren proiekzioa. 

Eztabaida: Gazteria auzoan

Apirilak 27 ostirala

Poteo musikatua auzoan zehar, Karmelatik hasita. 

Apirilak 28 larunbata

Umeentzako tailerrak Karmelo plazan.

Trikipoteoa auzoan zehar.

Bazkari herrikoia Karmelo plazan (tiketa + kamiseta 10€).

Bingo musikatua.

Auzoa koloreztatzeko kalejira.

Kontzertuak: Desorden, Egurra Ta Kitto eta Skabidean.

Apirilak 29 igandea

Belaunaldi arteko parrilada Karmelan.