Udaberriko Bertso Saioak, Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udalak elkarrekin antolatzen duten bertsolaritzaren inguruko ohiko programak bere 34. edizioa zabalduko du datorren larunbatean, maiatzaren 5ean, Santutxuko Karmelo plazan. Ekitaldian lehen mailako bertsolariak arituko dira, Maialen Lujanbio Euskal Herriko Txapeldun Nagusia 2009an eta 2017an, Sustrai Colina egungo Iparraldeko txapelduna eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian bost bider finalista izandakoa, Oihana Bartra irakasle eta itzultzailea eta Bizkaiko txapelketako finalista izandakoa, eta Etxahun Lekue egungo Bizkaiko Txapelduna.
Aire zabaleko bigarren hitzordua maiatzaren 12an izango da. Ohikoa denez, hitzordua eguerdiko 13:00etan hasiko da, Karmelo plazan, eta oraingo honetan, ikus-entzuleek Andoni Egaña bertsolari beteranoaren –Euskal Herriko Txapelketa Nagusia lau aldiz irabazitakoa–, Jone Uriaren, Igor Elortzaren eta Amets Arzallusen bertsoez gozatu ahal izango dute, azken hori Euskal Herriko Txapeldun Nagusia 2013an.
Karmelo plazan eskainiko den hirugarren eta azken saioa maiatzaren 19an izango da, eta bertan, lehiaketan ohikoak diren eta lurralde bakoitzeko finaletan parte hartu duten lau ahots elkartuko dira, Uxue Alberdi, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Ibon Ajuria. Ohikoa denez, Santutxuko Bertso Eskola izango da gai jartzailea.
Egitaraua maiatzaren 25ean amaituko da, Bertso – poteoaren beste edizio batekin, 20:00etatik 23:00etara, Santutxu auzoko hainbat aisia gunetatik (Kuluxka, Dacca, Aintzi, Baztertxu eta Mahats Berri tabernetatik). Bertso-poteoan, Bizkaiko txapelketan hainbat bider finalista izan den Onintza Enbeitak, Nerea Ibarzabalek eta Bizkaiko Txapeldun birritan izan den Arkaitz Estiballesek osatutako hirukotea arituko da.
Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gain, “Udaberriko Bertso Saioak” programak euskaltzaleen arteko topaleku izan eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskola beteranoak gure Hirian egiten duen lana bultzatu nahi du. Azpimarratzekoa da, baita ere, emakumeek egitarau honetan duten presentzia garrantzitsua, bertsolaritzaren panoraman emakumeak %15 inguru badira, “Udaberriko Bertso Saioak” egitarauan presentzia hori %40koa baita.
Programa
Maiatzak 5, 13:00 - Karmelo Plaza
- Maialen Lujanbio
- Sustrai Colina
- Oihana Bartra
- Etxahun Lekue
Maiatzak 12, 13:00 - Karmelo Plaza
- Jone Uria
- Andoni Egaña
- Amets Arzallus
- Igor Elortza
Maiatzak 19, 13:00 - Karmelo Plaza
- Uxue Alberdi
- Aitor Mendiluze
- Aitor Sarriegi
- Ibon Ajuria
Maiatzak 25 “Bertso – Poteoa” 20:00 – 23:00 Santutxu auzoa
- Onintza Enbeita
- Nerea Ibarzabal
- Arkaitz Estiballes