Maximo Beobide, Aita Karmeldarra, zendu da

uriola.eus 2018ko abe. 11a, 12:10

Maximo Beobide Basurto, Aita Karmeldar Oinutsa eta euskaltzalea, asteburu honetan hil da, 86 urte zituela.

Maximo Zeanurin jaio zen 1932.eko urtarrilaren 24ean eta fraile bihurtu ostean Begoñako Basilikan apaiza izan zen. 1957an, 25 urte zituela, Santutxuko Karmelo elizara heldu zen eta 61 urte hauetan auzoko ekintzetan etengabe parte hartzen ibili da. Horrez gain, 1977an auzoko Kirikiño Ikastola sortu zenean bertako irakaslea ere izan zen, erretiratu arte. 

Maximo abade euskalduna eta euskaltzalea izan zen. Hizkuntza bultzatzen eta sustatzen duten ekintza guztiak babesten zituen beti. Karmelo elizako mezak euskaraz egiten zituen eta auzoko euskarazko katekezia ere martxan jarri zuen. Atzo arratsaldean ospatu zen bere hileta, azkenengo 61 urtetan bere etxea izan zen Karmelo elizan.

Bertan, arratsaldeko 17:30ean ospatu zen hiletan, Maximori azken agurra emateko jendetza bildu zen, eliza gainezka egin arte. Bilboko Udalak eta Urkullu Lehendakariak euren doluminak bidali dituzte. Izan ere, Iñigo Urkulluk irakasle praktikak berarekin egin zituen, lehen aipatutako Santutxuko Kirikiño Ikastolan.