Asteburu honetan hasiko dira Santutxuko jaiak

uriola.eus 2019ko uzt. 12a, 09:41

Larunbatean ekingo diote Santutxun auzoko jaiekin. Hurrengo igandera arte, 8 egunez jaia izango da nagusi eta santutxutar guztientzako egitaraua prestatu dute. Jolasak, gastronomikoak, lehiaketak, kontzertuak... adin guztietzat prestatutako egitarau zabala.

Larunbatean abiatuko dira Santutxuko jaiak. Pregoia eta Txupina iluntzeko 20:30ean izan arren, goizeko 9:00etan auzoa jaietan murgilduko da. Izan ere, ordu horretan hasiko da lehenengo gastronomikoa. Marmitako eta bakailaoa pil-pilean izango dira auzoko eta kanpoko sukaldari onenak bilduko dituen lehenengo lehiaketa. Egunean zehar, santutxuko txistulariak, trikitilariak eta gaiteroak ibiliko dira auzoa girotzen. 

Txupinak jaiei hasiera ofiziala emango die. Ondoren, gau guztietan bezala, musika izango da protagonista Basarrate plazan. Bertan, beste urteetan bezala, kokatuko da jaigunea, metroaren irteeraren alboan kokatutako enparantzan. Larunbat horretan Gabenara erromeriaren txanda izango da.

Beste kontzertuei dagokionez, asteartean, gazte egunean alegia, auzoko gazte taldeen lehiaketa egongo da. Ostegunean, mozorro gauan, Gorpuzkingz taldearen txanda izango da. Hurrengo egunean, egun handia izango da. Bertan, McOnak, Hanuka Tanaka eta astearteko irabazleak igoko dira eszenatokira. Bukatzeko, bigarren larunbatean, F.R.A.C., Obsesión Fatal eta Brigade Loco taldeek gaua girotuko dute.

Gastronomikoetan, berriz, lehen aipatutako biez gain pasta, paella, koktel, tortila, postre eta Sukalki lehiaketak antolatu dituzte. Azken hau, bigarren larunbatean izango da eta jende asko biltzen da Txapela eskuratzeko nahiarekin.

Horrez gain, egun guztietan hainbat ekintza eta lehiaketa prestatu dituzte. Kiroletan, adibidez, esku pilota eta futboltxo lehiaketak klasikoak dira eta denek hartu dezakete parte. Umeek ere jaietan gozatzeko aukera ere edukiko dute jolasekin eta ur zezenekin. Bukatzeko, Santutxuko ekintzarik jendetsuena eta klasikoena ostegunean ospatuko da berriro Arsuaga plazan. Bertan, Garagardo Estropadak izango dira eta koadrilen artean nor baino nor lehiatuko dira ea zeinek edaten duen arinago.