'Mina ez Itxi!' lelopean kontzentrazioa egingo dute bihar Bilboko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean

uriola.eus 2020ko urt. 20a, 11:15

Irudiak: LAB

Mina del Morro-Larreagaburuko, Karmelo Ikastolako eta Luis Briñas Santutxuko guraso elkarteek kontzentrazioa egingo dute bihar arratsaldeko 17:30ean Bilboko Eusko Jaurlaritzan, (On Diego Lopez de Haroko kale nagusia, 85).

Hezkuntza Sailak Mina del Morro Larreagaburuko haurreskola ixtea erabaki duela salatu dute Santutxuko eskola publikoetako guraso elkarteek. Erabakiarekiko desadostasuna erakutsi eta joan den ostiralean kontzentrazioa egin zuten Mina del Morro- Larreagaburuko eskolan. Bihar arratsaldeko 17:30ean beste elkarretaratze bat deitu dute Santutxuko Hezkuntza Plataformarekin batera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegaritzaren aurrean. 

'Mina ez itxi!, Santutxu Euskal Eskola Publikoaren alde' lelopean bi eta hiru urteko matrikulazioak berriz irekitzea, masifikazio eta makrozentroen aurka egitea, azken urteetan hasitako proiektuei jarraipena ematea eta nagusiki Mina del Morro ikastetxea ez ixtea eskatu diote Hezkuntza sailari. 

LAB sindikatuak bat egin du deialdiarekin

LAB sindikatuak bere aldetik Hezkuntza Sailak ikastetxearekin izan duen utzikeria salatu du eta horregatik Mina del Morroko Eskola Publikoa zabalik mantentzea eta auzoko ikastetxeko hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean ikastetxearen bideragarritasuna bermatzeko plan estrategiko bat abiaraztea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, baita hiru ikastetxe publikoen artean (Mina del Morro, Karmelo Ikastola eta Luis Briñas) zonalde osoko egoera bideratzeko mahai bat osatzea.