6 pertsona hil dira Santutxuko eraikin batean Covid-19aren eraginez

uriola.eus 2021ko ots. 8a, 12:20

6 pertsona hil eta 33 kutsatu dira azken hiru asteetan zehar Haro plazako (Santutxu) eraikin batean. Gertaeraren arrazoiak oraindik ikertzen ari diren arren, ikertzaileek bi hipotesi dituzte: igogailua maiz erabili duen birus karga handia duen superkutsatzaile bat egotea eta eraikinaren aireztapena eskasa izatea.

Urtarrilaren 21ean eta 24ean bi pertsona hil ondoren, eraikina desinfektatu zen, baina birusak hedatzen jarraitu du. Federico Azkarraga eraikineko administratzaileak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan duenaren arabera, agerraldia ez da murrizten eta beldurra eta nahasmena ageri da bizilagunen artean, neurriak hartu diren arren: “eskailera komunitarioko leihoak irekita edukitzea gomendatu dugu, airearen zirkulazioa bermatzeko, igogailuan batetik bestera igotzeko eta botoia hatzekin ez sakatzeko”.

Administratzailearen arabera, ez da bertako etxebizitzen jabeen arteko bilera izan eragilea: “bizilagun batzuk ez dira etxetik ateratzen, lanera joan beharra dutenak soilik”.

Azkarragaren ustez, segimendu hurbilagoa egin beharko litzake eraikinean, “nahiko desinformatuta” daudela eta egoera errealaren inguruan gehiago informatu beharko lituzketela dio. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, berriz, Osakidetzaren erantzun azkarra defendatu du, agerraldia Osakidetzako aztarnariek antzeman zutela azpimarratuz.

Bilboko egoera

Covid-19aren azken 14 egunetako 2.690 positiboetara 145 kasu berri batu dira gaur Bizkaiako hiriburuan. Momentu honetan, metatutako intzidentzia-tasa 798,9koa da.