Santutxuren historiari errepasoa auzokideei esker

uriola.eus 2021ko abe. 13a, 12:06

Herritarren eskuetatik jasotako 2.100 dokumentu baino gehiago digitalizatu dituzte, eta Argazkineta Show ikuskizunaren bitartez aurkeztuko dituzte etzi. 

Besteak beste, hiriaren historian eta ondarean sakontzeko helburua duen Bilbao Izan udal programaren barruan gauzatu dute Argazkineta izeneko ekimena, hain zuzen, auzoen oraintsuko historian sakontzeko xedea duena. Hala, urrian hasi eta azaro osoan zehar, furgoneta bat ibili da Santutxun barrena, auzokoak animatu dituena etxean gordeta zituzten 2000. urtea baino lehenagoko argazkiak, bideoak, agiriak eta bestelakoak partekatzera.

Guztira, 200 pertsona baino gehiagok hartu dute parte, eta Santutxuri buruzko 2.100 gehiago bildu dituzte furgonetan. Horien artean daude bideoak, 2.000 argazki baino gehiago, eta era guztietako ehun dokumentutik gora (aldizkariak, tiketak, egutegiak eta panfletoak); horiek guztiak digitalizatu egin dira eta udal artxiboetan sartuko dira.

Aurkezpen ikuskizuna

Abenduaren 15ean aurkeztuko dute bilketa lan horren emaitza, 19:00etan San Francisquito elizan. Ugaitz Alegría aktoreak aurkeztuko du Argazkineta Show parte-hartze ekitaldia, eta umore ukitua ez da falta izango. Sarrera doakoa eta librea izango da, aretoa bete arte.