Hasi dira BBK Livereko beroketak, eta atariko gisa Hirian jaialdiak musika urbanoz blaituko du Santutxu hileko azken larunbatean. Laugarren edizioa izango da, lehena 2019az geroztik, eta abangoardiako musika-programazio eklektikoa eskainiko du jaialdiak Santutxun, Deusturi lekukoa hartuta.
Lau agertoki egongo dira auzoan zehar, eta musika generoak askotarikoak izango dira. Samantha Hudson, Z belaunaldiko ahots disidenteenetakoa eta queer abeslaria aniztasunaren erakusgarri izango da. Liquidación Total taldearen show berriaren erakusleiho ere izango da jaialdia. Talde berriak eta erreferenteak ere, Sex Museum, kasurako. Beraiekin batera,Biovac buru duen Aviador Dro eta abesti zorrotzak dituen Amaia Tirapuren Kokoshca taldeek joko dute.
Alderdi urbano eta femeninoenean, antolatzaileen esanetan, Estatuko trap-aren aitzindari diren Albany; Euskoprincess eta bere Lehendakari, eta Maria Escarmientoren amodiozko letra perreagarriak izango dira. Estilo urbanoarekin jarraituz, Hofe X 4:40-k bi milako hamarkadako soinuak joko ditu. MDA, trap eta hyperpop doinuak egiten dituena; rap eta r&b estiloetatik eratorritako trap-a egiten duen L’Haine, eta "gaztetxeko raperotzat" har daitezkeen Mutiko, Tattaa eta Denso ere egongo direla eman dute jakitera.
ZA & La TransMegaCobla proiektuak; neo soul, hip hop eta house estiloak Karibearekin uztartzen dituen Çantamartak, eta The Limboos taldearen r&b latinoak jaialdiaren ezaugarri nagusia den eklektikotasuna igoko dute agertokira. Estilo hori punk-arekin nahastuko da Borrokan historikoen, La Élite-ren eta Potatoren eskutik.
Erritmo bizia eta itsaskorra ekarriko dute Plasaporros kolektiboak eta Samuraï artistak haien pop generazionalarekin. Azkenik, alderdi elektronikoa ez da faltako, BBK Live-en bueltan antolatutako ekitaldia izanik. Basoa in the city atalean GAZZI, Yung Prado, Tronis eta Madrilgo Chica Gang kolektiboko Rocío arituko dira, generoaren irakurketa subertsiboenaren erakusgarri.