Kolorez eta ikuskizun folkloriko paregabez beteko da Santutxu hurrengo astean, maiatzaren 3,4 eta 5ean. Bosgarren edizio honetan Santutxuko Gaztedi dantzari taldearen 70+1 urteurrena ospatuko da. Izan ere pandemiaren ondorioz ezin izan zuten aurreko urtean egin eta aurtengo programa antolatzeko lagundu du.
Erraldoien konpartsak, dantzariak, kalejirak, gaiteroak eta dantza garaikideko proposamenak bilduko dira zortzi hitzordutan euskal kulturaren inguruko hitzorduez gozatzeko. Ostiralean, ekainaren 3an izango da lehen hitzordua 19:00etan. Aukeran Dantza Taldeak Hurrengo Geltokia ikuskizuna eskainiko du. Dantza eta musika tradizionalaren erritmoa eta arauak aldatuta, motelduta eta desegituratuta dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mestizajearen aldeko apustua egiten du.
Egun berean zortzietan, Bildhotsak, Amurrioko taldeak, kalejira musikala egingo du Karmelo plazatik hasita eta bertan amaituta. Allende, Arsuaga eta Ricardo Bastida Arkitektoen kaleetan zehar joango da.
Hurrengo egunean, larunbatean, Gaztediko txistulariek jarriko diote hasiera egunari 10:00etan. Proyecto Larrua (Gasteiz) eta Eva Guerrero Kopainia (Bilbo) taldeek Muda eta Gorpuztu laburra dantza garaikideko ikuskizunekin jarraipena emango diote egunari 13:00etatik aurrera. Egunari amaiera emateko Iruñeko Duguna dantzariak, Gaztedi Dantzari taldearekin batera euskal dantzak egingo dituzte Karmelo plazan 19:00etan. Gaztedi 1951tik darama euskal folklorea sustatzen eta euskal kultura Euskal Herritik kanpo ateratzen. Era berean Iruñeko dantza taldea erreferente da Nafarroan.
Programari amaiera emateko bi ikuskizun egongo dira igandean, maiatzak 5. 10:00etan Gaztediko gaiteroek kalejira egingo dute Santutxun. 12:00etan amaituko da Santutxu Kolorea erraldoien desfilearekin. Kietb Erraldoiak (Bermeo), Arai Erraldoien Konpartsa (Gasteiz) eta Mairuek Gaztediko Erraldoiak (Bilbo) izango dira protagonistak. Ibilbidea hurrengoa izango da: Karmelo plaza, Julian Bolivar Elorduy kalea, Santutxu kalea, Juan de la Cosa kalea, Iturriaga kalea, Karmelo biribilgunea, Ricardo Bastida Arkitektoaren plaza eta Karmelo plaza.