Santutxuko jaietako lehenengo egunean, eguerdian hasita, hainbat eraso matxista gertatu ziren, Akelarre Santutxuko talde feministak salatu duen moduan. Azkenengoaren inguruan egondako "jarrera oldarkorraren ondorioz" txosnagunea ordubete lehenago itxi behar izan zuten. "Jairik gabeko bi urteak ez dira aitzakia emakumeon gorputzak, espazioak eta juergak zuenak egiten saiatzeko", salatu zuten atzo Basarraten egindako agerraldian.
Talde feministako kideak, jai batzordekoak eta hainbat auzokide bertaratu ziren elkarretaratzera, eta argi utzi nahi izan zuten "jai herrikoi hauetan espazio seguruak bermatzearen alde" egiten dutela eta horrelako jarrerak ekidin eta gelditzea "denon ardura" dela. Hori lortzeko protokolo feminista diseinatuta dagoela gogorarazi dute: "Erasorik pairatu edo ikusiz gero, deitu horretarako jarritako telefonora edo gerturatu txosnetara laguntza eske".
Era berean, Akelarreko kideei egoerari aurre egiten uzteko eskatu zioten jendeari, "ahal den neurrian eta kontrakoa adierazi ezean". Gertakarien aurrean mezu bat utzi nahi izan zieten agerraldian erasotzaileei: "Adi erasotzaile, hemen ez zaudete onartuta. Ez zu, ez zure konplizeak".