Oihana Bartrak 653,5 puntu bildu zituen guztira, eta laugarren izan zen Muxikebarrin aritu zirenen artean. Poto egin izanaren nahigabea badu ere, aitortu du gustura aritu zela kantuan, eta plazan aritzearen antzeko sentsazioa izatea lortu zuela. Pozik dago, beraz, txapelketa nagusiko bere laugarren parte-hartzean izandako estreinaldiarekin.
Alaia Martin gailendu zen Getxoko saioan, eta hurrengo egunean Arrasaten jokatu zenean, berriz, Joanes Illarregi izan zen onena. Orain, Gotaine-Iribarnen, Gasteizen, Donostian eta Lizarran saio bana egingo da, eta horren arabera erabakiko da nortzuk arituko diren finalaurrekoetan.
Azkenik, txapela etxera nork eramango duen abenduaren 18an erabakiko da. Oraingoan Iruñeko Nafarroa Arenan egingo da finaleko saioa, eta ez BEC-en, azken edizioetan bezala. Maialen Lujanbio zuzenean sailkatu da, 2017ko edizioko txapelduna denez gero, eta datozen hilabeteetan zehar ikusiko da nortzuk izango dituen alboan.