Beste erailketa matxista bat Bilbon

uriola.eus 2023ko eka. 16a, 13:51

EH Emakumeen Martxak maiatzaren 30ean hilketa matxista bat salatzeko eginiko elkarretaratzea

89 urteko emakume bat hil dute Santutxun. Ertzaintzak adierazi duenez, 28 urteko gizonezko bat atxilotu du, hark bere burua entregatu ostean.

Gaur gauean, gizon batek Ertzaintzaren patruila bat gelditu du Santutxun auzoan. Gizonezkoak ertzainei senide bat hil duela adierazi die.

Polizia helbidera iritsi denean, 89 urteko emakumezko bat hilda topatu dute, laban batek eragindako zauriak zituela. Osasun langileak etxera iritsi direnerako, emakumearen heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin. Momentu honetan epailearen esku dago.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek gertaera hilketa matxista bat izan dela baieztatu dute.

Gaurkoa aurten Euskal Herrian gertatzen den hirugarren hilketa matxista da; hirurak hilabete bat baino gutxiagoko denbora tartearen bueltan jazo direlarik. Orotara, 2003tik, 120 emakume hil dira indarkeria matxistaren eraginez Euskal Herrian.