Bart gauean emakume bat hil du Santutxun bere bikotekideak

uriola.eus 2024ko ira. 12a, 10:45

Gazte Sare Feministaren agerraldia.

31 urteko emakume bat erail du bere bikotekideak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazten duenez, bart gauean, 00:20ak inguruan, 31 urteko emakume bat erail du haren bikotekideak, haren etxebizitzan. Bizilagunek larrialdi zerbitzuei dei egin die etxetik zetozen oihuek ohartarazita, baina zerbitzuok bertaratu zirenerako, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu dute, zeina lekuan bertan hil den zaurien eraginez.

Hiltzailea etxean zegoen larrialdi zerbitzuak iritsi direnean eta atxilotu egin dute; Segurtasun Sailaren arabera ez zuen indarkeria aurrekaririk, baina, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, arazo psikiatrikoak zituen eta hartatua izan zedin hospitalera joana zen hilketa jazo baino ordu batzuk lehenago. Erietxera eraman dute gizona, agerraldi psikotiko bat izan zituen zantzuak zituelako.

Aurten Euskal Herrian izan den hirugarren hilketa matxista da hau, lehenengoa Bilbon. Iaz erailak izan ziren lau emakume eta haurraren kasuetako bat Santutxuko auzoan gertatu zen, non Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, bere burua entregatu ostean. Haren senidea zen erail zuen emakumea.

Minutu bateko isilunea Euskalduna Jauregian

Epe luzerako zaintza-politiken nazioarteko sarearen zazpigarren batzarra hasi berri da gaur goizean, non Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusiak minutu bateko isilunea eskatu duen eraildako emakumearen omenez; “zorigaitzeko albistea” dela eta “indarkeria oro mespretxatzen duen gizartea” garela, “bereziki emakumeen aurkakoa” aldarrikatu du. Imanol Pradales lehendakariak ere “indarkeria matxistaren aurka etengabe lan egiteko” erantzukizuna hartuko duela azaldu du, “emakumeek haien bizia arriskuan ikusi ez dezaten”.

Elkarretaratze isila

Bilbo Berdintasunak gaur 12:00etan,udaletxearen aurrean, hilketaren biktima izan den emakumearen omenezko elkarretaratze isilera dei egin du, “elkarretaratze honetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu, emakumeen eta hauen seme-alaben aurkako indarkeria mota guztiak gaitzesteko”.