EH Emakumeen Martxak atzo Santutxun eraila izan zen emakumearen kasua salatzeko mobilizaziora deitu du gaur. Aurten Euskal Herrian gertatu den laugarren erailketa matxista izan da 31 urteko Yanelyrena, 34 urteko bikotekidearen eskutik.
Plataformak elkartasuna helarazi nahi izan die biktimaren senide, lagun eta gertukoei, eta autodefentsa feministarako deia egin diote euskal herritarrei, “bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak”. Hala, gaur Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan mobilizaziora dei egin dute, Bilbon, zehazki, Santutxuko Egunkaria Plazan egingo da agerraldia, arratsaldeko 19:00etan.
Plataformak azaldu duenez, urteak daramatzate “indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela” salatzen, eta, erailketak indarkeria matxistaren aurpegi ikusgarrienak badira ere, indarkeria honek bizitzako alor guztiak zeharkatzen dituela azaldu dute. Egoeraren larritasunaren aurrean, instituzioak jarri dituzte jomugan, “ neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoak gorantz doaz”.