Ehunka pertsona protestatu dute McDonald’s-en eta haren lotura sionisten aurka Santutxun

uriola.eus 2024ko abe. 16a, 15:36

Ehundaka pertsona atera ziren Santutxuko kaleetara pasa den ostiralean, hilak 13, McDonald’s-ek auzoan irekiko duen jatetxe berriari boikota egiteko. Ritxi plazatik abiatuta, manifestariek auzoko kaleak zeharkatu zituzten.

Protestaren unerik esanguratsuena Zabalbide kalean izan zen, McDonald’s berriaren egoitzaren aurrean. Bertan, sirena-hotsak entzun, eta manifestariak lurrean etzan ziren, Israelek Palestinan erailtzen dituen pertsonen irudia gogora ekarri nahian.

Bilbo-Palestina taldeak salatu du McDonald’s-en multinazionalaren atzean Palestinako herriaren kontrako sarraskiari nazioarteko sostengua ematen dioten korporazio handiak daudela. Hauen artean aipatu dituzte BlackRock, Vanguard, Capital Group Wellington, JPMorgan Chase, Morgan Stanley eta Geode Capital, besteak beste. Halaber, azpimarratu dute McDonald’s-en Israeleko frankiziek armada genozidari laguntza eman diotela behin baino gehiagotan.

Manifestazioa antolatu duen Bilbo-Palestina taldearen hitzetan, McDonald’s janari zaborraren, esplotazioaren, kapitalismoaren, kolonialismoaren eta genozidioaren ikur nagusia da. Horregatik, eta Bilbo hiri antisionista bihurtzeko asmoz, multinazionalaren aurkako boikot globalaren aldeko kanpainan parte hartzeko deia egin dute manifestazio honekin.