Gure Etxea: "Metroko 3. lineako lanen atzerapenarekin auzotarrei adarra jo zaie"

bertonaldizkaria 2012ko urr. 4a, 18:58

Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia salatu ditu Uribarriko Gure Etxea auzo elkarteak "dirua iristen ez zaien unean langile kopuru garrantzitsua kaleratzegatik". Kontuak argitatzeko, epeak betetzeko eta langileen segurtasuna bermatzeko eskatu du elkarteak.

"Zarata, hautsa, kaleak altxatuta... noiz eta zelan bukatuko dute guzti horrekin?", galdera luzatu die Gure Etxea elkarteak bai Eusko Jaurlaritzari bai Bizkaiko Aldundiari. Biak dira -erdibana- metroko 3. lineako sustatzaileak. 153 miloi eurotan ezarri zuten aurrekontua, lau urteren buruan, 254 miloi euroraino puztu da. Horren aurrean, beste galdera bat plazaratu die elkarteak: "Nor geratu da desbideratu den diruarekin?"

Uribarriko eta inguruko auzoetako biztanleek egunez egun erakundeen "utzikeria" jasaten dute Gure Etxearen iritziz: "Adarra jotzen digute eta poltsikoa hustu". Ondorioz, eskaera zehatza egin die erakundeei: "kontuak argitatzeko, epeak betetzeko eta langileen segurtasuna bermatzeko".