Irailean jai-jai

bertonaldizkaria 2012ko urr. 5a, 11:25

Aste Nagusiaren ostean eta Begoñako Ama Birjinaren eguna baino lehen jai aukera ugari dago Mahatserrian. Solokoetxen hasi, Arabellara igo, Mallonara jaitsi eta Matiko-Uribarrin amaitzeraino. Iraileko jai herrikoiak dira. Auzotar ugariren ahaleginari esker berreskuratu, mantendu eta aurrera ateratzen direnak. 

Solokoetxe

Lehen eguneko kalejira “triste” samarra izan bazen ere, bigarren eta hirugarren egunean “primerako giroa” izan zen. Felliniek “tiroi handia dute” Solokoetxen eta sekulako funtzioa eskaini zuten. Ondoren auzoko DJa musika jartzen aritzeak asko lagundu zuen parranda giroa luzatzen Udaltzainek musika eteteko eskatu arte. Igandean, lehengoz antolatu zuten truke azokan parte-hartze handia izan zen. “Jendeak etxean gordeta zituen gauzak atera zituen eta mugimendu asko egon zen plazan”. Bertsolariek arrakasta gutxiago izan zuten, publiko gutxiren aurrean abestu baitzuten; Jai Batzordeak hausnartuko duen gaietako bat izango da hori, Aitor Argote batzordekideak esan digunez. Herri bazkarian, iaz baino auzotar gutxiago elkartu baziren arren, gustara bazkaldu zuten.

Krisia krisi, auzotar eta merkatariek “oso erantzun ona” eman  dute orain arteko ekarpenari eutsiz eta, nahiz eta aurrekontu “murritzagoa” izan, Jai Batzordeak egokitzen asmatu du jai “xumeagoak” eginez.

Udalaren laguntzaren inguruan galdetu diogu Aitor Argoteri. 1.022€tik 789€ra murriztu da abuztuaren 22ko udalbatzarrean horrela erabakita. Argotek kezka agertu du: “Ez dago argi aurten ala hurrengo urtean ezarriko zaigun murrizketa. Udalak oso laguntza txikia ematen digu, baina gero eta gutxiago ematen badigu auzotarrei gero eta laguntza gehiago eskatzera behartuta egongo gara, lehenagotik ere eskatu diegunean”. Babes ekonomiko faltaz gain, Udalak auzoetako jaiak laguntzeko duen borondate falta orokorra nabarmentzen du Argotek: “Baimen eta paper kontuagatik eta jartzen dizkigun oztopo eta trabengatik”.

Ez du jaien antolaketa errazten Udalaren jarrerak, kontrakoa baizik. Eta ondorioz Jai Batzordeko kideak “nekarazi” egiten ditu. “Nekea nabaria da aurten eta batzordean erreleborik ez balego baliteke hurrengo urtean Solokoetxen jairik ez egotea”, diosku Argotek. Hurrengo asteetan hartuko dute Jai Batzordeko kideek erabaki finkoa.   

www.facebook.com/pages/Solokotxon-Lagunak

Arabella

Iaz egun bakarra izan arren, upelezko giroan murgildu zen auzoa. Aurton pentsatu dugu azkenak izango zirela, iazkoa gainditzea lortu dutelako. Arabellako plaza... zein plaza? Dena beteta egon da eta! Alde batean, karpa eta Jai Batzordeko txosna, eta, beste aldean, txitxiburduntzia jateko mahai eta aulkiak, karpapean ere; kaipiriña edateko beste postu bat eta jateko eta janzteko artisautza produktuak saltzen zituzten postuak. Hiru txapelketa gastronomiko: tortillarena, paellarena (ospetsua dagoeneko inguruetan), eta marmitakoarena. Umeentzako puzgarriak plazan sartzeko lekua egin dute, ño! Orkrestakoek, ez dakit nik, balsak bakarrik jotzen zituzten edo jendea oso-oso lasai zegoen... entzuten bakarrik, eta ez dantzan! Horrenbeste jan ondoren... auzotar batzuk kirola ere egin dute futbito txapelketan. Los Jibaros taldeak ospea hartu du inguruan, musikari onak, benetan. Suzko zezena, diskoteka.... benetan, ia 20 urte jaiak ospatu barik egon ostean, polito ari direla Arabellakoak!

Mallona

Hemezortzi urtetan ez da Mallona auzoan jairik izan. Irailaren 14ro –Gurutze Eguna– Gervasin eta Txispistas txistulariek, beraien kontura auzoko kaleetan eta tabernetan sortzen zuten animazioa baino ez da egon. Horregatik, Jai Batzorde berriak aurtengo jai “berpiztuetan” omenaldia egin die bi txistulariei txapela bana oparituz.

Olaia da batzordekide berrietako bat. Lehengo jaiak berreskuratuz auzoa berpiztea nahiko luke. “Nire aitak eta bere koadrilakoek mila bider kontatu digute garai bateko auzoko jaietan zein ondo pasatzen zuten. Zerbait antolatzeko gogoa genuen, beraiek eta auzotar denek disfrutatzeko”. Informazioa eta orientazioa jasotzeko Jai Batzorde zaharreko kide batzuk eta berriko beste batzuk elkartu ziren, lau lagun guztira. Bi astetan egitaraua atondu zuten: txupina, aurreskua, kalejira, jolasak eta trikipoteoa. “Oso ondo atera zen dena, jendea gustura ibili zen”. Pozik dago Olaia hainbat auzotar erakartzea lortu zutelako, horien artean “baita zaharren egoitzakoak eta down sindromea duten egoitzako kideak ere”. 

Aurtengo jaiek ilusioa berpiztu dute Mallonan. Batzordera partaide berriak batu dira jaien ostean, bederatzi izateraino. Martxan jarri dira dagoeneko. Loteriaren salmentarekin lortutako diruarekin urteko plangintza osatzen dihardute. “Olentzero egunean zerbait egin nahiko genuke -dio Olaiak-. Auzoa mugiarazi nahi dugu, betitik izan baita auzo nahiko sosoa. Tabernen eta parkearen artean baino ez dugu bizitza egiten. Egun esanguratsuetan zerbait antolatzera iritsi nahi dugu auzotar guztiak kontutan hartuz”.

Uribarri

Iraileko azken-aurreko barikuan hasi zen dena. Mozorro-jaitsiera Traukoko errotondatik abiatu zen Urkabustaizko Joaldunak, Katu Buru taldeak eta Uribarri konpartsak alaiturik. Txupina Patakon bidelapurrak bota zuen eta ondoren, ‘Zu bai artista! ’ erakustaldia txiki zein helduentzat.

Zapatuan, pastadun plater librea txapelketan, 59 plater aurkeztu ziren. Kantu-tertulia Pentatonix folk taldearekin. Gero, jolasak euskaraz Tanttaka konpartsarekin Landan. Txapela jaurtiketa lehiaketa, Agate Deuna Abesbatza kantu kantari, euskara-poteoa Tanttaka koadrila eta Fabe de Fuca taldearekin. Kontzertu mundiala: Tommy Gun eta Habeas Corpus…

Domekan, bakailao txapelketan… 9 lapiko! Maila eta giroa, oso ona. Eta onena, Oskar!  Arte martzialen erakustaldia, txokolatada… ‘Mis ahorros, su botin’ dokumentala Uribarriko M-15 mugimenduaren eskutik… berbena… eta hurrengo egunetan, gehiago!  Euskara Eguna, Haurren Eguna, Emakumeen Eguna, Egun Herrikoia, Balkoi eta erakusleiho loratuen eguna, Gazte Eguna…

Eraso sexista Uribarriko jaietan

Irailaren 23an, goizeko 4ak aldera gizon bat 21 urteko neska bati jarraika hasi zitzaion honek etxera joateari ekin zionean. Neskari jazarpen desberdinak egiten ari zela, bakean uzten ez zuelarik, erasotuak jai eremura bueltatu behar izan zuen babes bila. Ahalegindu arren, ez zuten erasotzailea topatu. Astelehen arratsaldean elkarretaratzea deitu zuen Aldapan Gora koordinakundeak eraso sexita salatzeko “erasorik ez erantzunik gabe!” lelopean.

www.aldapangora.org