Auzotarrei Korrikaren inguruko ekimenetan parte hartzeko deia Uribarrin

bertonaldizkaria 2012ko abe. 14a, 10:57

Korrika 18ren etorrera prestatzeko Uribarriko Korrika Batzordeak bilera irekia deitu du abenduaren 20rako, osteguna, 18:30ean, Artxandapeko ikastolako liburutegian.

Honatx Uribarri auzoan zabaldu duten deia Korrika 18 dela-eta:

Kaixo auzokide!

KORRIKAren 18. edizioa dugu aurtengoa. Martxoaren 14tik 24ra bitartean, milaka euskaltzalek “Eman euskara elkarri” lelopean, Euskal Herria korrika zeharkatuko dute Andoainen hasi eta Baionara heldu arte. Korrika 18k eman euskara elkarri dio, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Tanttaka euskara taldean ere, horrela ulertzen dugu euskara; Euskal Herrian eta Uribarrin pertsonen artean elkarrekin hitz egiteko hizkuntza gisa, gure hizkuntza hain zuzen ere. Aurreko edizioetan bezala, Korrikak Uribarri zeharkatuko du eta data horien inguruan ekimen ezberdinak antolatzeko helburuz, KORRIKA BATZORDEAN parte hartzeko gonbitea luzatzen dizugu. Jakin nahi duzu zertan datzan?

Gure asmoa, beste urte batzuetako eskema jarraituz, martxoaren 15etik 21era auzoan kultur astea antolatzea da, eragile ezberdinek egin ditzaketen ekarpenekin (antzerkiak, kalejirak, bertso saioak, umeentzako ekintzak…), eta kultur aste honen barruan martxoaren 16an euskararen eguna ospatuko genuke. Beste alde batetik, auzokideen partehartzeari esker, orain dela bi urteko Lip Dub-aren arrakasta ikusita, martxoan zehar beste ekintza masibo bat antolatzea pentsatu dugu: Euskararen aldeko flashmob-a. Honez gain, aurreko edizioetan bezala, martxoaren 21erako auzoko elkartegintzaren artean kilometro bat erosiko dugu elkarte ezberdinek lekukoa eramango dutelarik.

Labur laburrean, idatzitako guzti honetarako, denon indarra batzen badugu Korrika koloretsu, eta aberatsago bat aterako dugu aurrera. Zuen ideiak, ekarpenak edo dena delakoa garrantzitsua izango da elkarrekin hasi nahi dugun ibilbidetxo honetan. Oraindik martxora arte denbora dezente falta den arren, motorrak berotzen hasteko datorren abenduaren 20an egingo dugun aurkezpenera etortzeko gonbitea luzatzen dizugu. Bertan Korrikaren aurkezpen bat egingo da, auzoko euskalgintzak egin dituen lan motak azalduko dira eta edizio honetan ditugun aukerak aztertu; korrika batzordearen bileren maiztasuna bertan zehaztuko dugu baita ere. Besterik gabe, etorriko zareten konfirmatzea eskertuko genizueke.

URIBARRIN ERE, EMAN EUSKARA ELKARRI!

INFO + URIBARRIKO KORRIKA BATZORDEA