Elkarteen lanari baino, auzoko historiari eta errealitateari eman nahi diote protagonismoa Moraza plazatik hasi eta Via Vieja de Lezaman bukatuko den ibilbidearekin. Uribarri ezagutu eta Uribarriz gozatzea du helburu egitasmoak. Naia Gomez antolatzailearen esanetan “auzolanetik” sortu dute egitaraua, “nork bere ekarpena egin du", egitarau “oparoa” osatzeraino. “Lehen hiru geldialditan Uribarriko historiari buruzko azalpenak emango dituzte auzotarrek beraiek. Aurrerago, Gure Etxea elkarteak Artxandako funikularrak geraleku bat izan dezan abian duten borrokaren berri emango du. Beste batzuk arduratuko dira auzoko flora eta fauna ezaguturazteaz eta gazte batzuk Ur Gogor baserri hutsari erabilpena emateko prestatu duten proiektua ezaguturazteaz. Bukatzeko, merkatarien elkarteak hamaiketakoa eskainiko du partaide guztientzat”.
60 pertsonak izena eman dute jada ibilbidean parte hartzeko. Izena emateko: uribarriauzolanean@gmail.com helbidera mezua bidali beharra dago. Hitzordua, bihar, martxoak 29 larunbata, 10:30ean Moraza plazan izango da.
Berreskurapenean
Begoña elizatearen barruan zegoenean Uribarri zelako auzoa zen azalduko dute ibilbideko lehen geldialdian. Bilbok Begoña anexionatu zuenean Uribarrin aldeko eta kontrakoen artean izan ziren istiluak bigarren geldialdian, eta horrela aldapan gora Via Vieja de Lezamara arte. Historia datu horietako asko emango ditu Haizea Ruiz Bretos uribarritarrak. Bere ustez oso beharrezkoa eta garrantzitsua da historia hurbilaren zabalpena, eta erakundeek ezer gutxi egin dute zeregin horretan: “2008. urtean egin zen Uribarriko historiaren lehen berreskurapen lan ofiziala. Ordura arte ahozko iturriak sakabanatuta eta jaso gabe egon ziren. Udalak ez du asko egiten gure historia zabaltzeko”. Ondorioa argia da, uribarritarrek ezer gutxi ezagutzen dute Uribarriko historia. “Trauko baserriko Kristina Urrutia hil da asteon 93 urte zituela. Egun Uribarriko kale nagusia denari izena eman dion baserrian bizi zen Kristina, eta bertako jendeak ez dauka bere berri. Guzti hori ez da kontatua izan”. Zorionez, auzolanari esker, bihar kontatuko dituzte uribarritarrek euren historia zahar eta berriak.