uriola.eus

Auzo Factory Irazabalek bizi berriari ekingo dio

  Jendartea  Uribarri
Ibon Areso alkateak Bilbon ireki den lehenengo Auzo Factory proiektua aurkeztu du Matikon. Egitasmo berri honek teknologiari dagokionez trinkoak diren enpresa-proiektuak barnean hartuko ditu eta elkartegintza mugimenduarentzat erreferentzia izan nahi du.

Matiko kaleko 6.zenbakiko 1.400 metro karratuko eraikinaren ateak ireki ditu Udalak. 2012ko maiatzean, Uribarriko auzokideek 50 urte baino gehiago hutsik zeramatzan zazpi solairuko Irazabal eraikina okupatzea erabaki zuten. Patakon izenpean, eraikinari erabilera soziokulturala ematea zuten helburu. Baina horiek kanporatu egin zituzten ekainean eta ostean, eraikineko jabe zen Irazabal familiak Udalari eman zion haren jabetza. Orduan ekin zioten auzoko hainbat eragilek Irazabal eraikinaren erabilpena eskatzen duen Uribarriko Auzogune Egitasmoa osatzeari. Egitasmoa Uribarriko auzotar askok babestu zuten haien sinadurekin. Udalak lehentasuna eman dio bere proiektuari eta eraikinaren kudeaketa bere gain hartuta ateak ireki ditu.

Gaurko agerraldian Ibon Aresok adierazi du, Auzo Factory Irazabla-Matiko proiektuaren erronka hiriko ekonomia bultzatzea dela. Horretarako, start-upen, clusterren eta ekintzaile gazteen arteko lankidetza sustatuko du, “komunitateari zerbitzua emateko bokazio argiarekin”.

Aresoren esanetan, Auzo Factory hiriko proiektu estrategikoa izango da; Bilboko Udalak sustatuko duena, “auzoetan jarduera ekonomikoari on egiteko; erabiltzen ez diren edo gutxiegi erabiltzen diren eraikinei erabilera emanez”. Izan ere, Matikokoa martxan jarri duten lehenego proiektua izango da baina etorkizunera begira, 2015etik aurrera, hiriko beste auzo batzuetara filosofia hau hedatzeko asmoa dauka Udalak.

Auzotarrei espazioa zabaldu diete

Beheko solairuak eginkizun soziala izango du, auzoan bizi diren eta auzoan lan egiten duten pertsonen zerbitzurako. Saltegiek, establezimenduek eta auzotar taldeek solairua erabiltzeko aukera izango dutela baieztatu du Aresok; ekitaldi, erakusketa eta herritar zein enpresen sustatzeko jarduerak egiteko, hain zuzen ere.

Bukatzeko jakinarazi dute, apirilaren 4tik 6ra bitartean, ateak irekiko dituztela eta edonork izango duela eraikin berria ezagutzeko aukera.

 

‘Auzo Factory Irazabal-Matiko’ eremua aurkeztuko du Udalak astelehenean

2014/04/04 - 2014/04/06

Auzo Factory Irazabal (Matiko 6) Uribarri

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa