Martxoaren 31ean aurkeztu zuten ‘Auzo Factory Irazabal Matiko’ zentroa. Egun hartan, Ibon Areso alkateak azaldu zuen ekipamendu honen xedea "auzoaren gizarte-garapenari eta hiri-ekonomiari lotutako enpresa-ekimenak sustatzea" izango dela.
Ostiraletik igandera ate irekiak egin dituzte. Ostiralean, Uribarri Auzo Lanean-en bilduta dauden 25 auzo-taldeen ordezkariak izan ziren bertan. Larunbatean, zonalde horretan kokatuta dauden merkatarien, ostalarien eta enpresa txiki eta ertainen ordezkarien txanda izan zen; eta igandean, Uribarri-Castaños-en bizi diren auzotarrek bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten ekipamendu berria.
Udaletik jakinarazi dutenez, auzoko bizilagunek zein eragile ekonomiko eta sozialek "oso balorazio positiboa" egin dute zentro berriari dagokionez. Matikok duen potentziala nabarmentzerakoan "adostasuna erabatekoa" dela diote Udaletik; "izan ere, `Auzo Factory Irazabal-Matikon´ izango diren enpresa eta start-up berriekin sinergiak eta lankidetza indartzearen alde agertu dira ostalaritza eta merkataritza saltokiak eta enpresa txiki eta ertainak".