Zabaldu ahoa ehunduz geroa

Datorren ekainaren 7an Tanttakak, Uribarriko euskararen aldeko taldeak, Uribarriko Euskaldunon II. Topagunea deituko du, “Zabaldu ahoa ehunduz geroa” lelopean.

Uribarriko Euskaldunon Topagunea Uribarrin bizi diren euskaldunon asanblada irekia da. Hau da: Tanttakak dei egiten die Uribarriko euskaldunei, euskararen inguruko kontuei buruz hitz egiteko.

Lehenengo asanblada duela bi urte burutu zen, Uribarriko Euskaraz Bizi egunaren barruan. Bigarren honek berriz, goiz osoa beteko du, bestelako osagarririk gabe. Horrela, Tanttakaren asmoa zera da, jai egunak eta erreflexio egunak banatzea, erakusteko euskararen kontua ez dela beti jaiekin eta bazkari herrikoiekin lotu behar; euskararen gaiak berez nahiko garrantzia baitu eguna betetzeko.

Topagune horretan ze gai jorratuko da? Bada, antza denez, Uribarriko Euskaldunen Sarea osatzen ahaleginduko dira, hau da, eztabaidatuko dute ea nola identifikatu daitezke Uribarriko gune, erakunde, komertzio eta pertsona euskaldunak, eta nola lortu daiteke euren arteko harremanak euskaraz izatea.

Giroa berotzeko eta parte hartzea ziurtateko Tanttakak hainbat ekitaldi eta bilera antolatu ditu Uribarrin azken egunotan. Alde batetik, eskoletako gurasoen elkarteekin, auzoko eragileekin eta norbanakoekin bildu da eta, bestetik, 3 ekitaldi kultural antolatu ditu bertako ikusleei parte hartzeko gonbidapena luzatzeko. Lehenengoa umeentzako ikuskizun bat izan da, bigarrena Uribarriko Gau eskolan egin dute eta, bukatzeko, ekainaren 6, bezperan, Euskal Herrian Euskaraz-en “Euskalduna naiz eta arraro nago” antzezlana ikusteko aukera eskeiniko dute Uribarriko auzogunean, arratsaldeko 7etan.

Euskal Herrian Euskaraz-etik uste dugu oso bide egokia dela jendeari hitza ematea, eta Bilboko euskaldunen jarrera aldaraztea, ikusle izatetik aktore izatera pasatzeko. Txalo bero bat, beraz, gure partez Tanttakari, lan bikaina benetan.