Bilbo, salbazioa edo galbidea?

Gaizka Larrinaga 2014ko abe. 11a, 16:09

Euskararen salbazioa Bilbon dagoela pentsatzen badu hiri horretako udaleko euskara sailaren zinegotziak sekulako erantzukizuna beregain hartzen du. Etorkizuna eta salbazioa Bilbon kokatzeak tamainako erronka dakarkio udaleko euskara sailaren arduradunari, eta hortaz, baita Bilboko udalari ere. 

Gainera, salbazioa ez da berez etorriko, orain arte iritsi ez den moduan, jakina! Beraz, zilegi da pentsatzea hainbat aldaketa burutu behar direla euskara sustatzeko lanean, arestian aipaturiko salbazioak guztiok hartu gaitzala.

Demagun Bilbo euskararen giltzarria bilakatu nahi dugula. Egia esanda, potentzialtasun handia dauka: biztanle-kopurua, hiri handia eta modernoa, euskaldun asko, erreferentzialtasuna; beraz, aukera erreala izan daiteke tekla egokiak sakatuz gero. Baina, argi izan behar duguna da hirian baino herritarren eskuetan dagoela gakoa: euskararen normalizazioa eta eraldaketa soziolinguistikoa herritarren eskutik etorriko dira. Gauzak horrela, eta inkesta eta ikerketa askori erreparatuta, herritarron gogoa euskara sustatzea bada eta nahi hori posible egitea bilbotarren eskuetan badago, zergatik, baina, ez da horrela gertatzen? Erantzuna erraza da: tresna egokiak falta zaizkie. Hona hemen, bada, instituzioaren betebeharra, tresna eraginkorraz hornitzea Bilboko euskaldunak zein ez euskaldunak.

Presa handia dago tresna horiek sortzeko eta herritarrei eskaintzeko. Zoritxarrez, Bilbon gaur egun euskaldunon hizkuntza eskubideak ez dira errespetatzen, hori errealitate ukaezina da: ezinezkoa da euskara hutsez bizitzea, edo bazterrera joan barik, euskaraz komunikatzea nahi baduzu zaila da arazoak ez izatea. Administrazio publikoarekin zerikusirik duten zerbitzuekin ere gertatzen da eskubide-urraketa, zer esanik ez eremu pribatuarekin. Jendarte zibilizatu eta demokratiko batean herritarron eskubideak urratzen badira, neurriak hartzen dira. Eta eskubide-urraketa etengabe baten aurrean gaudenez, presa handia dago ahalik eta lasterren egoera konpontzeko.

Tresna egokiak eta neurri eraginkorrak udal hizkuntza politikarekin lotuta daude. Egon badago hizkuntza politika udalerrian, planak eta plangintzaldiak egokiak izan daitezke edo ez; baina benetan aldatu eta zuzendu behar dena da betetze-maila eta aplikazioa bera. Udal hizkuntza politikan, euskara planetan, hitzarmenetan eta adierazpen instituzionaletan jasotzen dena  ez bada betetzen eta praktikara ez bada eramaten, euskararen salbazioan inoiz ez da Bilbon izango.

Izan ere, bilbotar euskaldunek sektore kaltetua ordezkatzen dute bi hizkuntzen arteko harreman orekatuan, elkarrenganako errespetuan eta funtzio osagarrian kokatzen badugu gakoa. Hori ezin da abiapuntua izan. Oraingoz, oreka errealik ez dago eta euskal hiztunekiko begirune falta pasibo eta inkontzientea dago erdal hiztunen aldetik. Errespetuari dagokionez, egun batzuetako sentsibilizazio-kanpaina batekin edo batzuekin ez dago joera hori aldatzerik. Aldaketa sakonak eta planteamendu ausartak egiteko sasoia da, bilbotar guztiak elebidun izan arte ozta eskuratuko baita aipaturiko oreka.

Datu soziolinguistikoekin irakurketa ezberdinak egin daitezkeen arren, aipatzekoa da euskara sustatzeko lanean eman diren aurrerapauso garrantzitsuenak D ereduan eskolaraturiko umeengandik eta gazteengandik etorri direla. Horrek ekarri du euskaldunen kopurua nabarmenki igotzea Bilbon, udalak eginiko hizkuntza politikak baino. Erabilera, berriz, beste afera da. Non dago erabileraren hazkundea Bilbon? Zertan eragin dio udal hizkuntza politikak? Orain arte hartutako neurriek eta eginiko jarduketek arrakasta izan dute erabilera apur bat sikiera handitzeko? Programak, informazioa, gutunak, ekimenak, jolasak, ESEP bera, egokiak dira, baina, nahikoa al da? Ume, gazte eta gurasoez gain, ez dago sektore estrategiko gehiagorik? Bilbotar elebidunek etxetik, eskolatik eta familiatik kanpo ere egin behar dute bizitza, eta horien gogoa euskaraz egitea da kasu gehienetan, baina ezin... gizartea prestatuta ez dagoelako, eta Bilbo horretarako plaza erreza ez dalako.

Bilboko Udalak geure hizkuntzaren salbazioa Bilbon finkatu nahi badu, ezinbestean, plan estrategiko bati heldu beharko lioke; eta herritar guztiek jakin beharko lukete plan berezia badatorrela Bilbora, pozarren, gainera. Izan ere, estrategikotasunak euskarari ate guztiak zabalduko lizkioke udal sail ezberdinetan kanpoan zein barruan. Zoritxarrez, dirurik gabe ezer gutxi egin daiteke gaurko gizartean, edo bestela esanda, euskararen sustapenak ezin du herritarren borondatea bakar-bakarrik ardatza izan. Lehen aipaturiko euskararekiko gogoak  eta atxikimenduak balizko plan estrategikoa elikatuko lukete zalantzarik gabe, eta ondorioz, udalak, besteak beste, jarritako diruak plana bera gorpuztu eta sendotuko luke.

Berriki, Bilboko Udalak onetsitako aurrekontuetan, 2015ekoetan, parada izan dugu ikusteko zenbat diru zuzenduko zaion euskarari. Aurreko urteko diru-kopuruekin aldaketa nabarmenik ez da egon. Horrek agerian uzten du zein den udal gobernuaren asmoa eta jarrera, denak berdin jarraitzea, orain arte dena ondo egin duelakoan. Egun hauetan euskararen aldeko hitz potoloak entzun dira udaletxe barruan, konpromisoz beteriko adierazpen instituzionalak barne, baita argazki bat edo bi ere atera. Aste honetan udalak aukera izan du Bilbao egunkarian bi hizkuntzen arteko oreka ziurtatzeko (udalbatzan onetsita), %50eko espazioa hizkuntza bakoitzari emanez. Ezetz erabaki du. Non dago Sabin Anuzitak aldarrikaturiko “harreman orekatua”?

Salbazioa hasi bide da Bilbon, funtsezkoa da neurri ematea eta egoki jardutea, Bilbo bihur ez dezagun galbide.

 

Gaizka Larrinaga

Tanttaka euskara taldeko kidea