2014 urteko balantzea

Gure Etxea Auzo Elkartea 2014ko abe. 12a, 13:26

Uribarriko Gure Etxea auzo elkarteak aurtengo balantzearen berri eman nahi du.

Gure Etxeak, espazio eta batzorde ezberdinetan parte hartzearen ondorioz honako lorpenak egin ditu:

- Orreagako Gudua kaleko urbanizazio eta hobekuntza

- Bilbobuseko 26 linea Basurtuko ospitalera hurbiltzea

- Begoñako igogailu zerbitzua mantentzea

- Bilboko erdigunea eta Artxanda batzen dituen autobus zerbitzua mantentzea

 

Gauzak honela, datorren urtean helburutzat jartzen ditugun erronkak ezagutzera eman nahi ditugu ere. Horietako asko, aurreko urteetan garatutako jardueraren jarraipena dira, aldiz, beste batzuk auzokideen bizi kalitatea hobetzeko beharretik sortutako ekimen berriak dira.

Hauxek dira 2015erako lan ildoak:

- Artxandako Funikularra: tarteko geltoki bat sortzeko proposamena, auzokide eta erabiltzaileentzako hobekuntza soziala ekartzearekin batera, garraiobidearen kudeaketaren errentagarritasuna handitu eta erabilera arrazionalagoa bermatuko luke.

- Krematorioa: 2014ko otsailean Eusko Jaurlaritzak instalakuntzak jaurtitzen dituen isurketen gainean ezarritako neurrien betetze mailaren jarraipena egitea.

- Barrutiko garraio publikoaren hobekuntza: Metroko 3. Lineak izan dituen atzerapen eta garestitzeak salatu, hala nola, autobus linea desberdinen zerbitzuaren hobekuntzaren alde lan egin.

- Irisgarritasuna: Zumalakarregiko igogailua doakoa eta Udalaren kudeaketapean egon dadin eskatu.

- “Hau da daukagun auzoa. Hau da nahi dugun auzoa?”: Auzoan dauden hirigintza arazo, gune beltzak, utzikeria instituzionala, irisgarritasun arazoak, mugikortasun arazoak… ikusgarri egiteko kanpaina.

- Barruti Kontseiluan parte hartu: instituzio-organo honetan ikuspegi kritiko batekin parte hartu auzokideen bizi kalitatearen alde lan egiten jarraitzeko eskaini ditzakeen aukerak aprobetxatuz, bestalde, Udalak barrutiaren esparruan garatzen dituen politika desegokiak salatzen jarraitu.

- Auzokideen eskakizunei erantzuna ematea: Gure Etxeak, auzokideen eskakizunak astero jasotzeaz gain, auzoko beste zenbait eragilerekin elkarlanean dihardu: auzoko jaiak, euskarari eta kulturari bultzada eman...

 

Gure Etxea elkarte dinamikoa da, hori dela eta, goian aipatutako ildoez gain, egunerokotasunean sortuz joango diren bestelakoei ere erantzuten joango gara.

Edozein ekarpen, proposamen, zalantza duzuela, edota gurekin parte hartu nahi izanez gero asteazkenero arratsaldeko 19:30etatik 21:00etara Trauko 27ko solairu-artean dagoen Gure Etxeako lokalean aurkituko gaituzuela.

Elkartearen jarduerari buruzko informazioa emailez jaso nahi izanez gero, bidaliguzu zure helbide elektronikoa: gureetxea.auzoelkartea@gmail.com