Ahozkotasuna oinarri duten 'Istorio BIziak'

uriola.eus 2015ko ots. 23a, 08:58

Hogei jarduera baino gehiago egongo dira Kastañoseko eta Zurbaranbarriko udaltegietan eta 2. barrutiko beste zenbait lekutan gaurtik martxoaren 7ra arte 'Istorio BIziak' programaren baitan. Besteak beste, ipuin poteoak narratzaileekin, bertsolariekin eta musikariekin, raguko saioa –umorezko bakarrizketan oinarritutako denbora pasako jarduera japoniarra–, Carlo-Mô&Mr.Di konpainiaren clown ikuskizun bat eta umeei eta helduei zuzendutako ahozko narrazioko hainbat saio.

Ahozko tradizioaren inguruko 'Istorio BIziak-Cuentos encadenaDOS' programaren bigarren edizioa jarriko du martxan gaurtik aurrera. Guztira, doako 26 jarduera eskainiko dira, Kastañoseko eta Zurbaranbarriko udaltegietan eta barrutiko beste gune batzuetan.

Programazioa gaur, otsailak 23, hasiko da, jaioberriei eta 3 urte arteko umeei eta haien gurasoei zuzendutako oso ipuin saio bereziarekin. Saioaren helburua elkarren arteko maitasuna eta samurtasuna sustatzea eta indartzea da, ahotsaren, musikaren eta abestien bitartez. Euskaraz egingo den saio hori arratsaldeko 18:00etan hasiko da Kastañoseko Udaltegian. Beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.

Beste urte batez, 'Istorio BIziak-Cuentos encadenaDOS', aisiarako jarduera izateaz gain, adin tarte guztietara zuzendutako prestakuntzarako eta sorkuntzarako ekimen gisa aurkezten da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egingo diren jardueren bitartez. Horretarako, oso estilo eta teknika anitzeko profesionalak arituko dira, Itsaso Paia edo Beñat Vidal bertsolariak, Joxemari Carrere eta Felix Albo bezalako ipuin kontalari ezagunak, Alabazan taldeko kideak edo Hiromi Yoshida japoniarra, besteak beste.

 

Raguko japoniarra

Hiromi Yoshida izango da, hain zuzen ere, helduei zuzendutako jarduera berezienetako baten protagonista, otsailaren 28an (19:00etan) Matikoko Auzo Factory aretoan, euskaraz eskainiko duen raguko saioarekin. Ragukoa, jatorria XVII. mendean duen umorezko bakarrizketetan oinarritutako denbora pasa japoniarra da. Antzezlea belauniko dago kuxin baten gainean, kimono batez jantzita. Oraingo honetan, Tokion euskara ikasten hasi zen eta Euskadin 20 urte baino gehiago daramatzan Hiromi Yoshidak, ahozko arte japoniarra euskarazko eta gaztelaniazko testuekin uztartuko du, Axen Escaladaren, Arantzazu Maizen eta Maider Ibarguenen partaidetza ere baduen ikuskizun sortzailean.

Datozen bi asteetarako programazioak, aipatutakoaz gain beste jarduera batzuk ere jasoko ditu, mikro-kontakizun tailerrak eta sormena sustatzeko saioak, adin guztietarako eta umeentzako ipuin-kontalariak, ahozko narrazio ikuskizuna eta clown ikuskizun bat, 'aWish', Carlo–Mô&Mr.Di konpainia katalanaren eskutik. 

Aurreko edizioan lortu zuen arrakasta handia ikusita, aurten ere 'Ipuin poteoa' sartu da egitarauan. Proposamen horrek ahozkotasuna hurbildu nahi dio jende guztiari, ohikoak ez diren lekuetan ipuinak eta bertsoak eskainiz. Aurten, musikaz –Udal Txistulari Banda eta Trikitixa Bidebieta– lagundutako ibilbidea izango da, Moraza plazaren eta Funikularraren plazaren artean, eta Traukoko oinezkoen gunean, otsailaren 28an eta martxoaren 7an, larunbatez, eguerdiko 12:30etatik aurrera.

Artxandako Funikularrean bertan (mende bat betetzen duen urtean) eta inguruetan, saioak egingo dira martxoaren 1ean eta 8an, igandez, Hirian eta bere ingurunean hain entzuna den ondare elementu hau bezalako leku ezagun baina aldi berean ez ezagun horietan zer ezkutatzen den ikusteko. Horrela, martxoaren 1ean, 'Beldurraren funikularra' izenburupean, ohikoa bezain lasaia izango ez den bidaia proposatzen da, beldurrezko istorioez lagunduta.

Saio horretarako, eta baita tailerretarako eta leku kopuru txikia duten beste jarduera batzuetarako, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea www.kulturabarrutik.net webgunearen edo 94 401 00 10 telefono-zenbakiaren bitartez. Bide horien bitartez posible izango da, bi egun aurretik gutxienez, doako haurtzaindegi zerbitzua eskatzea, gurasoek, helduentzat prestatutako jardueretan parte hartu ahal dezaten.

Beste alde batetik eta auzo horietako elkarteak eta taldeak inplikatzeko helburuz, ipuinetan inspiratutako pintxo lehiaketa antolatu da, barrutiko 'Auzoa berritzen' merkatarien Elkartearen laguntzarekin. Ipuin-pintxoak, elkarteko kide diren tabernetan eskainiko dira. Bertan, 'ipuin' jangarri horiek dastatzeko eta baloratzeko aukera izango dugu. Sari banaketa, eta beste ezusteko batzuk, martxoaren 7an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Irazabal–Matiko Auzo Factoryn egingo den amaiera ekitaldian izango dira.

 

Aurretiazko jarduerak

Programa hasi aurretik zenbait jarduera egin dira barrutian. Horrela, alde batetik, hilabete honetako lehenengo hamabostaldian, 2. barrutiko ikastetxe publikoetako (Viuda de Epalza, Zurbaranbarri, Zurbaran eta Uribarri) umeek eta Moraza plazako Gazteguneko gazteek, istorioak sortzeko tailer kolektiboetan hartu dute parte, euren pertsonaiei bizia emanez eta auzoetan lekutuz. Sorkuntza espazio horien emaitza gisa, istorio horiek eta dagozkien marrazkiak jasoko dituen liburua argitaratuko da, eta jardunaldietan zehar aurkeztuko den ikus-entzunezkoa egingo da.

Beste alde batetik, auzokideekin, otsailaren 11n, 12an eta 13an Zurbaranbarriko Udaltegian egin den eta Bihar, ostegunean eta ostiralean Kastañosekoan egingo den 'Gogoratzen dut…' ekimenaren helburua, auzoarekin erlazionatutako oroimenak berreskuratzea da, Kultura Barrutiken Facebookeko gunera igoko den argazki batean jasotzeko.

 

Agenda

Otsailak 23

18:00–19:00 Kastañoseko Udaltegian, 'Egunik garrantzitsuena', haur eta guraso maitagarrientzako ipuin-saioa

 

Otsailak 24

18:00–19:00 Kastañoseko Udaltegian, liburutegian, 'Geure kontuak', umeentzako ipuin-saioa

19:00–20:00 Zurbaranbarriko jubilatuen egoitzan, 'Historias abiertas', adinekoi zuzendutako ahozkotasun ikuskizuna

 

Otsailak 25

18:00-19:00 Zurbaranbarriko Udaltegian, 'Itzalekin kontukontari', sormen gunea

19:00–21:00 Kastañoseko Udaltegia, areto nagusia, 'Mikro kontakizunen tailerra - La Vida en pocas líneas', sormen gunea

 

Otsailak 26

18:00-19:00 Zurbaranbarriko Udaltegia, liburutegian, 'Marilurrek 5722630 ipuin dakizki', umeentzako ipuin-saioa

19:00-20:30 Kastañoseko Udaltegia, areto nagusia, 'Literatura tertulia: Ignacio Aldecoa'

 

Otsailak 27

18:00-19:00 Zurbaranbarriko Udaltegian, 'Mundipurdiko ipuinak' familia osoarentzako ipuin-saioa

19:00-20:05 Kastañoseko Udaltegia, areto nagusia, 'aWish' clown keinu ikuskizun

 

Otsailak 28

10:00-13:00 Kastañoseko Udaltegia, areto nagusia, 'Ahozko narrazioaren hastapenak', ipuinekin berriro aurkitzeko gunea

12:30-14:30 Moraza enparantzatik Artxandako Funikular plazaraino 'Ipuin Poteoa'

19:00-20:00 Irazabal-Matiko Auzo Factoryn, 'Japoniar ragukoa euskaraz', mintzaldia eta ipuin-saioa

 

Martxoak 1

20:00-21:30 Artxandako funikularra, 'Un Funicular de miedo' ahozko narrazio ikuskizuna publiko helduarentzat  

 

Martxoak 2

19:00-20:00 Zurbaranbarriko Udaltegia, 'La agresividad y el cuento infantil' hitzaldi-solasaldia

 

Martxoak 3

18:00-19:00 Zurbaranbarriko Udaltegia, 'The queen of kisses', ipuin-saioa inglesez 

 

Martxoak 4

18:00-19:00 Kastañoseko Udaltegia, liburutegian, 'Nesken alde, denon alde' umeentzako ipuin-saioa

19:00-21:00 Zurbaranbarriko Udaltegia, 'Mikro kontakizunen tailerra - La Vida en pocas líneas', sormen gunea

 

Martxoak 5

18:00-19:00 Zurbaranbarri Udaltegia, liburutegian, 'Printsesak, bai zera!' umeentzako ipuin-saioa

18:00-19:00 Kastañoseko Udaltegian, 'Ipuinak BIraka' sormen gunea

19:00-21:00 Irazabal-Matiko Auzo Factoryn, 'D´Contar en casa' formakuntza ekintza

 

Martxoak 6

18:00-19:00 Kastañoseko Udaltegia, areto nagusian, 'Izarren bitakora' familia osoarentzako ipuin saioa

19:00-20:00 Zurbaranbarriko Udaltegia, 'Faros' ahozko narrazio ikuskizuna

 

Martxoak 7

10:00-13:00 'Ahozko narrazioaren hastapenak', ipuinekin berriro aurkitzeko gunea

12:30-14:30 Trauko kaleko oinezkoen gunean, 'Ipuin Poteoa' ahozko narrazio sesioa  publiko guztientzat 

18:00-20:00 Irazabal-Matiko Auzo Factoryn, 'Istorio BIziak' gala

 

Martxoak 8

12:00-14:00 Artxandako Funikularrean, 'Bilbao BIzirik' ahozko narrazio sesioa publiko guztientzat 

 

+ INFO: www.kulturabarrutik.net / 94 401 00 10 / 010