Teknologia berriak Uribarri begiztatzeko

uriola.eus 2015ko ots. 21a, 11:27

Mapa digital batek Uribarri begiztatzera gonbidatzen gaitu. Auzotarrek eta auzoko elkarteek diseinatu duten ekimenaren helburua auzoa lau interes-guneren bidez ezagutzea da: azturak, memoria, euskara eta harremanetarako espazioa.

Herritarren partaidetzarako ekintzak eta estrategiak sustatzeko konpromisoa duten 9 elkartek eta 23 auzotarrek egin duten mapa digitalari esker, orain posible da Uribarrin zehar euskaraz harremanak izateko guneen bidez ibiltzea, jolasteko eta kirolean aritzeko erabiltzen diren lekuak eta sozializatzeko egokiagoak direnak identifikatzea, auzoaren historiaz berriro jabetzea eta hiriaren erdialdearekiko lotura guztiak ezagutzea. Ekimen honen ondorioak gaur aurkeztu dira “Auzo Factory Irazabal Matiko” zentroan. Ekitaldian Nora Sarasola, Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia, egon da.

Mapaketa kolektiboko ariketa hori Bilbon egiten den lehen aldia da. Horri esker, herritarrek Uribarri auzoaren ezaugarriak ezagutu, partekatu eta zabaldu ditzakete, pertsonen premietatik hurbil dagoen eta mapa ofizialetan islatzen ez den ikuspuntu berri eta alternatibo baten bidez. Elkarbizitzaren eta kohesioaren aldeko apustua egiten duen ikuspegi gizatiar batez, mapa digitalak 4 interes-gunetan jartzen du arreta: azturak, memoria, euskara eta harremanetarako espazioa.

Bertsio fisikoa Auzo Factory Irazabal Matiko zentroan egongo da ikusgai, martxoaren 7ra arte. Bertsio digitalari dagokionez, Ubiqarama-n (http://www.ubiqarama.org/content/) eta Storify-ko toki hauetan egongo da eskuragarri:

https://storify.com/matikomapa/euskaratiko

https://storify.com/matikomapa/matikusos

https://storify.com/matikomapa/matiko-memoria

https://storify.com/matikomapa/espacia2

Proiektu hori beste online euskarri eta gizarte-sare batzuetan ere islatu da, adibidez Twitter-en (hashtag: #Matikomapa), Youtube-n (http://youtu.be/bTGTh19Mb3o) eta Audioboom-en (https://audioboom.com/matikomapa).

Mapa digital horren sorrera 'MaTIKo!: mapaketa kolektiboa egiteko tresna digitalen tailerra' izeneko ekimenaren barruan kokatzen da. Ikasketa eta komunikazio digitaleko proposamen berritzaile bat da, hausnarketa, auzokideen arteko topaketa eta talde-lana erraztu nahi dituena, baita talde-sorkuntza bultzatu ere. Parte-hartzaileen erdia baino gehiago 30 urtetik beherako gazteak izan dira.

Auzo Factory Irazabal Matiko

Auzo Factory Bilboko Udalak udalerria gogoan hartuta eta udalerriarentzat bultzatutako proiektua da. Haren helburua hiriko auzoetan jarduera ekonomikoa sortzea da. Horretarako, jada erabiltzen ez diren edo gutxiegi erabiltzen diren eraikinak leheneratzen dira. Hala, sormen- eta partaidetza-fabrikak bihurtzen dira, enpresa-proposamenak barnean hartzeko eta, aldi berean, bizikidetzaren eta auzotarren mugimenduaren erreferentzia izateko. Auzo Factory kontzeptuak, hain zuzen ere, Bilboko Udalak hiriko auzoetako ekonomiaren, merkataritzaren eta gizartearen dinamismoaren alde egiteko duen konpromisoari erantzuten dio.