Mosaiko erraldoia 'Uribarri euskAHALdun' adierazteko

uriola.eus 2015ko mar. 13a, 11:37

Uribarriko Funikular plazan mosaikoa osatuko dute gaur arratsaldean auzotarrek ‘Uribarri euskAHALdun’ leloarekin. 300 lagunetik gora elkartzea espero du auzoko Korrika batzordeak. Euria ari badu, Piedritasen izango da hitzordua.

Uribarrin ondotxo dakite flashmoba eta lipduba antolatzea zer den, aurreko bi urtetan auzoan oso arrakastatsuak izan diren ekimenak izan baitira. Santutxutarrek bezala, uribarritarrek ere aurten “zer edo zer desberdina” antolatu nahi dute, eta Izaskunek azaldu digunez bilera batean bururatu zitzaien mosaikoaren ideia. 

‘Uribarriko mosaiko erraldoia’ izena jarrio diote. Santutxun pedalkadaka arituko badira gaur, 17:00etan, Uribarriko Funikular plazan mosaikoa osatuko dute auzotarrek ‘Uribarri euskAHALdun’ leloarekin. Bideoz grabatuko dute. Horretarako kamera profesional bat altuera handian kokatuko dute, eta dron bat hegaz ibiliko da “irudiak grabatzen”. Helburutzat dute “muntaketa polit bat egitea egun horretako ekintza guztiekin”.

Aurtengo Korrikaren mezua, irudia eta koloreak baliatuko dituzte uribarritarrek mosaikoan “auzoa euskararen eta korrikaren alde dagoela erakusteko”. Diseinua erabakita daukate. “Oso zehatza izan behar du disenuak, pieza guztiek ondo bat egin behar dutelako”. Irudia auzotarren artean egin dute jada, ‘Uribarri euskAHALdun’ leloarekin 230 kartulinetan. Irudi koloretsuaz gain, mugimendua ere eman nahi diote mosaikoari, eta “anbiziotsuak garenez, Korrikako lekukoaren irudia osatu nahi dugu”; horra hor erronka. Azken egunotan antolaketarekin “zoratzen” ari dira Salo eta Izaskun. “Kolorea eta mozorroa ekartzeko eskatu diegu mosaikoan parte hartuko duten lagunei”. Ez da broma, 300 lagunetik gora elkartu nahi dituzte. Aurreratu digutenez, plaza txiki geratuko zaien beldur direla eta, “inguruan geratuko diren lagunentzako kartulinak prestatzen hasita gaude”.

Duela hiru Korrika eratu zen Uribarri auzoan Korrika Batzordea auzolanean euskara bultzatzeko ekimenak antolatzeko. Berak koordinatu eta lotzen ditu eduki guztiak. Batzordeko dinamizatzaile lana Tanttaka euskara elkarteak egiten duelarik. Batzordeko kide dira auzo elkarteak, Uribarriko eskola, Artxandape ikastola, Zurbarango eskola eta Tiboli eskola ere. Guztira, hamar bat eragile eta lau eskola.

Urterik urte auzoko eragileak bai Kultura Astean bai Euskararen Egunean geroz eta gehiago inplikatzen direla esan digu Salok. “Ikastetxe, elkarte eta bestelako eragileek euren ekarpenak egin nahi dituzte” eta horrela lortu dute egun bakarrera mugatu beharrean, aste oso bat euskararen aldeko ekintzaz betetzea. Aurtengo Kultura Astea, martxoaren 23tik 29ra ospatuko dute. Auzotar guztiei parte-hartzea ahalbidetzeko, geroz eta gehiago hurbiltasuna bilatzen dute antolatzaileek, ekintzak kalean edota leku publikoetan eginez. Eta lortu dute, bai, jendea mugiaraztea. “Eremu desberdinetatik ingurura zabalduz gero eskaintza sarea eta parte-hartzea geroz eta handiagoak dira”.

Aste osoko ekitaldien artean, batzuk aipatzearren nabarmentzekoak dira Matikoko Auzogunean Artxandapeko musika ikasleek eskainiko duten musikaldia, Zurbarango lagun talde batek prestatuko dituen umeentzako tailerrak lehenengo eta photocall-a gero, bazkari herrikoia Eskolen landan eta ginkana-poteo musikatua. 

 

uriola.eus/komunitatea/tanttakaeuskarataldea