Panerako IV eraikineko bizilagunek euren etxe aurreko orubean etxebizitzak eraikitzeko plana geldiarazi zutenetik, orube hori parke gisa atondu zuten auzokideek. Harritxoen plazako aparkalekua eta jokalekuak egin zirenetik, orube hori igarobide edo pasabide bihurtu da. Pasabide horretan, beren egunerokotasunean, bideak eratuz joan dira auzokideak. Horietako bat da Harritxoen plazatik Zumalakarregiko autobus geltokira doan bidexka, naturalki bizilagunek eratu dutena.
Planifikatu gabeko bidexka denez, ez dago egokitua; beraz, euria egiten duenean putzuz betetzen da, eta ez da erabilgarria. Era horretan sortutako bidexkei 'desiraren bidexkak' esaten zaie; eta izenak esaten duen bezala, bertatik igarotzeko desiraz, pertsonak pasatzearen ondorioz sortzen dira.
Oro har, parkeetan eta orubeetan agertzen dira, bideak ez direlako planifikatzen, edo aisialdian soilik pentsatuz egiten direlako bide horiek, ez delako pentsatzen leku batetik bestera biderik laburrena eginez ibiltzeko beharrean. Halako bidexkak Uribarri auzoko eta Bilboko hainbat lekutan aurki daitezke.
Garai batean Panera IV eraikineko bizilagunek izan zuten "izaera eta jokabidea berreskuratu nahian", beren kabuz Panerako orubeko parkea eraikitzera eraman zituen izaera, hain zuzen ere. 2015eko Uribarri Eguna bidexka hori egokitzera bideratu zuten joan den ekainean. "Bertatik ibiltzeko gutxiengo batzuk bete zitzan". Orubea eremu pribatua bada ere, eta gerora zer edo zer eraikiko dela jakinik, "momentuz, eta hori gertatu bitartean, egunerokotasunean erabilgarri bihurtzea" erabaki zuten Uribarri Auzolanean elkartuta dauden auzoko elkarteek.
Lehenengoan ez, bigarrenean bai
Bidea berdindu zuten, drainatzeko ubide bana egin zuten eta bidearen gainazala tamaina desberdineko kareharriaren agregakinekin bete zuten. Baina ez zuten espero zuten emaitza lortu, besteak beste, kareharri agregakinak zapaltzea ez baitzen erosoa auzotarrentzat. Are gutxiago mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat.
Horregatik erabaki du Uribarri Auzolaneaneko lantaldeak konponketa egitea aurreko konponketaren gainean, eta bidexka txukun uztea. Berriro ere lanerako prest elkartu dira Uribarriko auzotarrak. Erabilitako material eta tresna guztiak ingurutik hartu dituzte edota auzokideek utzitakoak izan dira.
Pozik agertu da Uribarri Auzolanean auzotarren erantzunarekin eta eskertu egin du jasotako laguntza: "Eskerrik asko gerturatu zareten guztioi. Auzokideen arten bidetxoa berkonpontzea lortu dugu. Lan bikaina".
[2015-06-29] Auzolanean auzoa eraldatzen
[2015-06-09] Uribarri Egunak auzolana eta izaera sozialagoa eta parte-hartzaileagoa izango ditu