Bilbotarrak, beste indarkeria matxista kasu bat salatzeko, "berriro ere" kalera atera dira. "Orain dela ez asko" Almudena Matarranzen –Uribarriko auzotarra– erailketa gaitzesteko –indarkeria matxistaren 5. biktima Euskal Herrian–, eta atzokoan bere emaztearen aurkako Uribarriko gizon baten erasoa errefusatzeko.
Astearte goizaldean izan zen erasoa Uribarrin; aste honetan Bilbon jazotako bigarren eraso matxista. 75 urteko gizon batek 67 urteko emaztea labanaz sastatu zuen. "Ospitalera bidaliz". Gizonak ere zauriak zituen, ustez, berak bere buruari eginikoak. Biak osasun zentro batera eraman zituzten; gizona atxilotuta.
"Nazkatuta gaude. Haserre ez, oso haserre", zioen atzo Eire Larrea auzotarrak Aletu emakume taldearen komunikatua irakurri zuenean. Erasoaren aurrean "gaitzespen osoa eta salaketa irmoa" agertu zuen. Atzo bildutako 250 lagunak kontziente dira emakumeen aurkako indarkeriak "ez duela etenik", eta honen aurrean "ezin dugu gure amorrua, nekea eta haserrea besterik adierazi".
Udazkena gogorra izan da Uribarrin. "Bost emakume erailak Euskal Herrian eta azkena gure auzoan. Almudena ezin dugu ahaztu", oroitu zuen Eire Larrea bozeramaleak. "Beraz, ozen diogu: nazkatuta gaude eta ez gara isilduko! Emakumeok aske bizitzeko eskubidea dugulako, nazkatuak gaude baina kalean jarraituko dugu erasotzaileak gure auzotik bota arte".
[2015-11-05] Manifestazioa egingo dute gaur Uribarrin astearteko eraso matxista salatzeko